Jolastokiak ikasleakaz batera eraldatzeko helburuagaz jardun dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 14a, 11:00

Elkartoki programa garatu du ikasturte honetan San Nikolas ikastolak, Ttipi Studio kooperatibagaz batera; ikasleen parte-hartzeagaz jolastokia diseinatu eta aldatu dute.

Ikasturtea amaitzear dela, azken txanpan sartu da Elkartoki programa; San Nikolas ikastolakoakaz batera garatu dute Ttipi Studioko kideek. Helburua izan da jolastokia eraldatzea modu parte-hartzailean, elkarlanean, eta ikasleek eurek patioaren diseinuan eta aldaketan esku hartuz. Horretarako, hainbat tailer eta jarduera antolatu dituzte. Ekimen horietan San Nikolas ikastolako Lehen Hezkuntzako 450 ikaslek parte hartu dute.

Ttipi Studioko kideek azaldu dutenez, "Elkartokin, eskola-umeek irudikatu eta eraiki dituzte zenbait lan eta esku hartzeko ereduak; asmoa izan da jolastokia eta bere dinamikak eraldatzea; tailer eta ekimenetan, berriz, ikasleek gaur eguneko jolastokia aztertu, eta etorkizunekoa diseinatu dute. Autoeraketan eta elkarlanean oinarrituta egin dute behar ikasleek. Jolastokia bera eraldatzen dabiltza orain, eta, hala, jolasteko eta esertzeko artefaktuak eraiki, zoru- eta horma-irudiak margotu, eta mahai-jolasetarako espazio bat berreskuratzen ari dira".

Eusko Jaurlaritzako Sorkuntzarako Lantegiak programaren diru-laguntza jaso du ekimenak. Egitasmo esperimental honek "diseinua eta artea ditu lengoaia nagusitzat", eta "parekidetasun eta parte-hartzearen balioetan sakondu" gura dute, horretarako "gune baten itxura fisikoa eraldatuz". Elkartoki programaren bigarren edizioa, San Nikolas ikastolan egin dute aurten; Zabala eskolan ere egin zuten iaz, baita Santutxuko Karmelo ikastolan ere. Ttipi Stuiokoen diotenez, "Aurtengo ekimena era hedatuagoan egiten ari da eta ekintza gehiagorekin, hala nola, tailer artistikoak edo ikasleen batzordeak, non etorkizuneko jolastokiaren erabaki garrantzitsuenak hartzen diren". Blog batean jaso dute edizio bietako esperientzia, eta gairi lotutako bestelako esperientziak eta erreferentziak ere irakur daitezke. Horrez gainera, aurtengoagaz, dokumental bat osatzen dabiltza, eta gaiaren inguruko eragile esanguratsuen iritziakaz ere osatuko dute. Datorren urteari begira, iragarri dutenez, "Elkartokik eskolak proiektuaren motore izateko formakuntza eta monitorizazioa eskainiko du. Programaren monitorizazioarekin batera, eskolekin proiektuaren garapenean elkarlanean aritzeko artista egoitzak antolatuko dira".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun