Getxo Kirolak-en kontratazio berriak zalantzak eragin ditu

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 15a, 12:32

Langile berriak Fadura kiroldegiko instalakuntzetan parke publiko bat zabaltzea koordinatuko du, besteak beste.

EH Bilduk zalantzan jarri du Getxo Kirolak-ek maiatzaren 30ean kirol proiektuen planifikazio eta garapeneko teknikariaren aldi baterako lan-kontratazioa. Koalizio abertzalearen ustez, zuzendaritzak kontratazio hori "hasiera hasieratik biziatu egin du eta legea maltzurkeriaz erabilia izan da, hasieratik kontratatu nahi izan duten pertsonari lanpostua emateko". Kirol erakundeak, berriz, adierazi du prozesu horretan administrazio publikoetan langileak kontratatzeko exijitzen diren "berdintasun, meritu eta gaitasun irizpideak errespetatu" direla.

Getxo Kirolakek azaldu duenez, egungo arautegiari dagokion kontratazio prozesua abiatu da, hau da, deialdia eta hautagaien proposamenak Lanbideren bitartez eramanez, eta hautaketa Getxo Kirolak erakundeko eta Udaleko teknikari eskudunek osatutako epaimahaiak egin du.

EH Bilduk, bere aldetik, prozesu horren aurrean bere oposizio lana "uneoro" oztopatua izan dela salatu du. "Hilabeteak dira Getxo Kirolakeko Kontseilu Artezkarian Kirol Proiektuak planifikatzeko eta garatzeko aldi baterako teknikari bat kontratatzeko jarraitu duten prozesua salatzen ari garela. Getxo Kirolakeko zuzendaritzak kontratazio hau hasiera hasieratik biziatu egin du eta legea maltzurkeriaz erabilia izan da lotsagabe Getxo Kirolakeko Presidenteak hasieratik kontratatu nahi izan duen pertsonari lan postua emateko", azaldu dute koalizio abertzalekoek. Salatu dutenez, prozesuaren inguruko txostenak egingo zituztela esan eta ondoren "ukatu" egin zaizkie. Halaber, txostenak alkateari eskatu behar zizkiotela esan eta ondoren horrek jakinarazi zien berari ez zegokiola eta Getxo Kirolaki eskatu behar zizkiotela. Horrez gainera, deitoratu dutenez, birritan eragotzi diete gaia eztabaidatzea kontseilu artezkarian, "Getxo Kirolakeko estatutuek gai ordenan bozketa bidez puntu berriak barneratzeko dugun eskubidea ukatuz".

Jarrera "oztopatzaile" horren azken adibidea joan den maiatzaren 25eko Kontseilu Artezkarian izan zela salatu du EH Bilduk: "Getxo Kirolakeko presidentea den Alvaro Gonzalezek erantzuna teknikariaren esku utzi zuen. 81 dekretuagatik galdetu genionean zirriborro bat baino ez zela izan azaldu zigun eta Udal Fiskalizazioak kontratazioaren aurka egindako gogoetak datetara mugatzen zirela". Halere, handik hiru egunera, maiatzaren 28an, dekretu hori indarrean jarri zen, eta horren arabera, hautatutako pertsona maiatzaren 30ean lanean hasiko zela zehazten zen. "Maiatzaren 25ean dekretu honen inguruan galdetu genuenean zergatik ez ziguten esan berehala publikatuko zutela?", galdegin dute koalizio abertzaleko zinegotziek.

Kudeaketa publikoa "gardentasunez" egin dela dio Udalak

Kudeaketa publikoa "gardentasunez eta partaidetzaz egin behar dela sinistuta", udal talde guztiei kontratazio prozesu horren eta horren zergatiaren berri eman, azaldu eta partekatu zela dio Udalak. "Horren adierazlea da, deialdiaren oinarrietan horiek eta Getxo Kirolakeko ordezkariek betebeharrei eta merituei lotutako iradokizunak gehitu zirela", azaldu dute agintariek.

Udalaren arabera, hautagai desberdinen aukeraketa fasea gaindituta, eta prozesuaren legaltasuna egiaztatzen duen txosten juridikoa aurkeztu eta Getxo Kirolaken zerbitzu juridikoak Udaleko Kontu-Hartzailetzak aurkeztutako ohar bakarrari erantzun dio eta horrek dakartzan gogoetei ere, azken horiek ez dute eragin juridikorik izan, "aipatutako txostenen ikuskaritza lanen arautegi erregulatzaileagatik".  

Udal iturriek diotenez, EH Bilduk horren guztiaren "berri" du, "baina Getxo Kirolakek aipatutako prozeduran izan duen jokaera zuzena egiaztatzen duen txosten juridiko horren errealitatea alde batera uztea nahiago izan du", deitoratu du Udalak.

Hautatutako pertsonak aurrera eramango dituen funtzioen artean daude kirol berrikuntzako hainbat proiektutan eta Fadura kiroldegiko instalakuntzetan parke publiko bat zabaltzea koordinatzea, besteak beste.

Zalantzak EH Bilduren partetik

EH Bilduren arabera, 2016ko martxoaren 11n Udal Artezkaritzak kaleratutako fiskalizazio mugatuko txostenean "puntuz puntu baieztatzen" du orain arte salatu duten guztia.

EH Bilduren baieztapenak, puntuz puntu:

  • Sortutako lan postuaren zereginetan jarraikortasuna dagoen heinean obra kontratu baten aurrean ez gaudela nabarmentzen du. Artezkaritzak gogorarazi egiten du 2008tik kontratu ezberdinak egin direla enpresa batekin teknikari berri honekin jarraitu nahi diren funtzioak betetzeko. Artezkaritzat gogorarazten du era berean enpresa horrekin egin ziren etengabeko kontratuei buruz informatu zuenean ere, ez zela ados egon. Era berean azpimarratu egiten du meritu gisa hartzen dela kontratu horietan gauzatutako jardunen pareko esperientzia, baina txostenak esaten ez duena  eta guk gaineratu nahi duguna da 2008tik merkatari harreman horretan kontratatua izan den langilea eta orain aldi baterako teknikari gisa kontratatzen ari dena pertsona berdina direla.
  • Aurrekoaz gain txostenak azaltzen du aldi baterako bete nahi den lana zehatza izan behar duela eta ez zeregin multzo bat. Horrek gure susmoak baieztatu egiten ditu, URAk egindako obraren aitzakian modu ezkutuan kontratatzen ari delako Gerente lana egingo duena.
  • Artezkaritzaren txostenak nabarmendu egiten du kontrataziorako erabili egin den modalitatea arriskutsua dela, lege iruzurra izan daitekeelako.
  • Daten harira ohartarazi egiten da Lanbideri egindako bigarren eskaria urtarrilaren 18an izan zela. Plazaren datuen objektibaziorako irizpideak otsailaren 4ean jaso baziren ere, hurrengo egunean, hots, otsailaren 5ean jaso ziren curriculumak. Daten koherentzia falta agerikoa da, baina horrez gain artekariak baieztatzen du guk eskatzen genuen bezala, askoz egokiagoa izango zitekeela plaza hau betetzeko lehia askea bermatuko zuen hautapen publikorako prozesu bat abiatu izana, eta ez aukera mugatzea Lanbidek aurrez aukeratutako hautagaiei.
  • Horrez gain, Artezkaritzak esaten du espedientean ez dagoela hizkuntz eskakizuna merito edo baldintza gisa ezartzeko egokitasuna baloratuko zuen txostenik. Gure aldetik salatu nahi dugu txosten hau egiteko eskakizuna behin eta berriro aurkeztu dugula eta etengabe ukatua izan dela. Erabaki politiko hau gainera Getxo Kirolaken Euskara Planaren aurkakoa da eta ez dator bat aurrekontu akordioan adostu dugunarekin.
  • Hautapen irizpideak enpresa komitearekin konpartitu ez direla jasotzen da eta hasiera baten enpresa komiteak aztertu zituen irizpideak ez direla jarraitu lehendakaritzak emandako ebazpenean.
  • Hirugarren ohartarazpenean txostenak beste arrisku bat aurreikusten du: "la posibilidad o riesgo de concurrencia en alguna de las incompatibilidades de las previstas legalmente para los trabajadores del sector publico".

Laburbilduz, koalizio abertzalearen arabera, Artezkaritzak egindako azterketa publikoak "puntuz puntu baieztatu" egiten ditu salatutako aspektu "ilun" guztiak. Era berean, Getxo Kirolaken zerbitzu juridikoen ebazpenek "kontraesan nabariak" izan dituztela salatu dute.

Hori dela eta, EH Bilduk hainbat ekimen abiatuko dituztela ohartarazi dute:

  • Getxo Kirolaken hurrengo Kontseilu Artezkariaren eztabaidan kirol planifikazioa egiteko teknikariaren kontratazioan Getxo Kirolakeko presidentziak egindako lanaren gaineko azterketa egin dadila eskatuko dute.
  • Udal Idazkaritzak Getxo Kirolaki zuzendu zizkioten galderen inguruko txostena egin dezala eskatuko dute Getxo Kirolaken txostenak ez datozelako bat Udal Idazkaritzak bere garaian emandakoakaz.
  • Administrazio errekurtsoa aurkeztuko dute Getxo Kirolaken 81 dekretuaren aurka. Jasotako erantzunaren arabera auzibidera jotzeko aukera aztertu egingo dute.
  • Erantzukizunak eskatuko dituzte.

Getxo Kirolakek orain arte ez zuen pertsona bat lan eta profesional profil horregaz eta aipatutako zereginak bideratzeko egindako kontratazioa justifikatu du. Hala, Getxo Kirolakek bere jokabidea berretsi du, zuzenbideari lotuta, eta ez du inolako eragozpenik jarriko auzitegietara jotzeko, talde salatzaileak helegite judiziala aurkezten badu.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun