"Oholtza" bertsolariari jarduteko leku bat eskaintzen dion eraikuntza-aldagaien multzoa da, mugikorra eta artikulagarria. Bat-bateko eraikuntza-jokoa da, pieza-multzoen bitartez osatzen dena. Emanaldiaren unean bertan proiektatu, diseinatu eta muntatzen diren egiturak dira. Bertsolariak abestu duen unean bertan berbakaz sortzen duen bertsoaren pareko prozesuak dira. "Oholtza" bertsoa eraikitzeko sormen-prozesuaren, harremanaren eta gorputz-jarreraren arteko azterketa da. Bertan, bertsolaria bera berben aldare bihurtu eta altxatu egiten da.
Erriberako merkatuko performanceaz gainera, Beñat Krolem "Europa bat-batean" topaketaren baitan egingo diren jardunaldi akademikoetan izango da "Oholtza" erakusketagaz. Miramar Jauregian izango da bere lana ikusgai, uztailaren 11tik 15era.
Beñat Krolem (Bilbo, 1990) Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua da, University of the West of Englanden (Bristol) urtebete igaro ostean. Zenbait sorkuntza-beka jaso du; tartean, Antonio Gala Fundazioko beka, BilbaoArte Produkzio-beka eta aipatutako Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak esleitutakoa. Gaur egunean bat-batekotasunaren eta inprobisazioaren prozesuak ikertzen dabil.
Aurtengo deialdia zabalik
Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak iaz esleitutako proiektu sarietako bat Beñat Krolementzat izan zen. Aurten ere deialdia zabalik dago: ikerketa-kontratu bi eta hiru proiektu-sari daude esleitzeko. Irailaren 12a baino lehen aurkeztu behar dira baterako zein besterako eskaerak. Prozeduraren eta xehetasunen inguruko informazio gehiago topa daiteke www.mintzola.eus eta www.ehu.eus/laboakatedra atarietan.