Getxoko Jazzaldiak 40 urteko ibilbidea ospatuko du

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 15a, 17:27

Algortako Bihotz Alai plazan izaten dira jazzaldiko saio nagusiak. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 40. edizioa ospatuko da uztailaren 1etik 5era; ohi den legez, aurten ere egitarauak izen handiak bilduko ditu Algortan. Saio nagusietan (Bihotz Alai plazan, 22:15ean), Dee Dee Bridgewater, Esperanza Spalding, Uri Caine, Hermeto Pascoal eta Jorge Pardo izango dira; horiei denei, Talde Lehiaketako (Bihotz Alai plazan, 21:00etan)  eta Hirugarren Milurtekoa ataleko (Telletxe plazan, 19:00etan) kontzertuak gehitu behar zaizkie. Hilaren 1etik 3ra, jam session-ak (The Piper's taberna irlandarrean, gauerdian) egongo dira; eta, azkenik, familia osoarentzako ikuskizun bi (Telletxe plazan; 12:30ean) hartuko ditu jazzaldiak lehenengo aldiz.

Saio nagusiei dagokienez, Jorge Pardo flautista eta saxofonistak emango dio hasiera jazzaldiari Huellas bere laukoteagaz. Getxoko Kultur Etxeak azaldu duenez, Pardo mestizaje musikal onenaren eredua da eta flamenko-jazz proposamen dotorea eskainiko du. Hurrengo egunean, hilak 2, Uri Cainek joko du; musikaren agertokiko pianistarik garrantzitsuenetakoa eta berritzaile nekatu ezina. Algortara iritsiko da bere hirukoteagaz, formaturik ezagun eta adierazgarrienagaz.

Jaialdiaren erdialdean, Hermeto Pascoali helduko zaio txanda; musika tradizional brasildarraren eta jazzaren zein beste soinu batzuen arteko fusioaren egile nagusietakoa da. Astelehenean, hilak 4, Getxo Jazzek, bigarrenez bere historian, Dee Dee Bridgewater aurkeztuko du, estandarren errepertorioa bikaintasun osoz lantzen duen nazioarteko agertokiko erreferentziako ahotsa; baina, beti inprobisazio interpretatiboan era iraunkorrean arriskatuz.

Azken egunean, uztailak 5, Esperanza Spalding kontrabaxistak kantatuko du, gaur egungo eszenan  proiekziorik handienetakoa duen artista. Spaldingek "Emily's D+Evolution" ikuskizun berritzailea aurkeztuko du Algortan, jazza bideoagaz eta antzerki-eszenifikazioagaz nahastuta.

Bestelako saioak

Programari gehitu behar zaizkie, gainera, Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak –beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera izango da– eta Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak. Azken horretan, proiektu gazteek (Laurent Coulondre Trio eta Ainara Ortega "Scat") artista beteranoakaz (Kiko Berenguer eta Gonzalo del Val) partekatuko dute kartela. Atal horretan ere bertoko Andres Isasi musika-eskolan sortutako jazz-ensemble bat izango da.

Horrez gainera, hiru egunetan (hilaren 1etik 3ra, gauerdian) The Piper’s Irish Puben izango diren jam session-etan In Sesion taldeak joko du. Hilaren 2an eta 3an, familia osoarentzako saioez (Telletxe plaza, 12:30ean) gozatzeko aukera egongo da, Play'N'Kids eta Pixie Rue del Percebe taldeakaz. Azkenik, Torrene aretoan, Javier de la Torreren "Jazz? Yes!" mosaikoen erakusketa izango da ikusgai.

Sarrerak

Jorge Pardo Huellas Cuarteto (uztailak 1) taldearen saiorako sarrerak 10 euroan egongo dira salgai ohiko tokietan; Uri Cane Trio (uztailak 2) entzutekoak 12 euroan; Hermeto Pascual eta bere taldeaz (uztailak 3) gozatzekoak 15 euroan; Dee Dee Bridgewater-en (uztailak 4) kontzerturakoak 25 euroan; eta azkenik, Esperanza Spalding-en (uztailak 5) saiorakoak 20 euroan. Bonoa 65 euroan egongo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun