Zapatuan, 10:30etik aurrera, izango da txapelketaren lehenengo fasea. Horretarako, hiru taldeko multzo bi egin dituzte: A multzoa, Bartzelonak, Eibarrek eta Soyaux Akitania-Poitu-Charentes eskualdeko klubak osatuko dute; B taldean, berriz, Athletic, Oviedo Moderno eta etxeko Bizkerre izango dira aurrez aurre.
Goizean, zuzeneko norgehiagokoak jokatuko dira aldi berean Bolue I eta II zelaietan. 10:30ean, Bartzelona-Eibar eta Bizkerre-Athletic partidak izango dira; 11:40an, Bartzelona-Soyaux eta Athletic-Oviedo jaokatuko dira; eta, azkenik, Eibar-Soyaux eta Bizkerre-Oviedo lehiak ikusteko aukera izango da, 12:50etik aurrera. Partida horietan denak sailkatuko dira domekako finaletarako. Horrela, domekan, 5. eta 6. postuak erabakiko dituen partida 09:30ean hasiko da; 3. eta 4. postuak banatuko dituena 10:40an; eta final handia, 12:15ean.
Aurreko edizioetan egin izan den moduan, partida guztietarako sarrera libre eta doakoa izango da.
Getxo Kirolak erakundeak autoz bertaratuko direnei gogorarazi die aparkaleku alternatiboak dituztela Aiboako Getxo II Institutu zaharrean eta Larrañazubiko ibilgailuen udal-gordailu zaharrean, biak Bolueko futbol-zelaietatik 5 minutura oinez. Izan ere, Fadura inguruan egiten dabiltzan Gobela ibaiaren kanalizazio-lanak direla-eta zona horretan aparkatzeko zailtasunak daude.
Bizkerre taldeak Getxo Kirolak, Bizkaiko Foru Aldundia eta beste hainbat erakunde izan ditu lagun txapelketaren antolakuntzan.