Ruben Viso, Riotik gertu

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 20a, 09:58

Ruben Viso ezkerrean jesarrita, EAEko beste kirolari paralinpiko batzuekaz. © OSKAR MATXIN EDESA - ESPAINIAKO BATZORDE PARALINPIKOA

Ruben Viso Villegas saskibaloi-jokalari getxoztarra sartu da Espainiako Batzorde Paralinpikoak Rio de Janeirora joateko egin duen aurretiko hautaketan. Olinpiar Jokoak amaitu eta aste batzuetara, irailaren 7tik 18ra, izango da Joko Paralinpikoen hamabosgarren edizioa, Brasilgo Rio de Janeiro hirian.

Kirol-lehiak iraungo duen 11 egunean, guztira, 176 estatutako 4.350 kirolarik jardungo dute 22 kiroletan. Sailkatze-bidean dagoen uribekostar bakarra Ruben Viso Villegas da: saskibaloi-jokalari getxoztarra. Visok 22 urte ditu, eta Gasteizko Zuzenak taldeko kidea da orain dela pare bat astetik; aurretik, Bidaideak Bilbao BSR taldeagaz lehiatu da. Getxoztarra Espainiako 22 urte azpiko selekzioaren jokalaria izan da 2010 eta 2014 bitartean. Ordutik hona, sarri deitu dute selekzio absolutuko kontzentrazioetara, baina oraindino ez du egin partida ofizialik. Visok egokitutako gurpil-aulki bat erabiltzen du urritasun fisikoa arindu eta jokatzeko. Beragaz batera, Bizkaiko beste lauk dute Rion Joko Paralinpikoetan jarduteko aukera: Asier Garcia Pereiro saskibaloi-jokalari bilbotarrak (Aste Nagusiko pregoilaria izandakoa); Rakel Mateo Uriarte triatleta mungiarrak; Jose Maria Avendaño Lera saskibaloi-jokalari galiziarrak, Bilbon jokatzen duena, eta Asier Agirre Santos atleta durangarrak.

Olinpiar Jokoak

Bien bitartean, Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten uribekostarrak zeintzuk izango diren baieztatzen doaz apurka-apurka. Horietako batzuk aipatzearren, azken uneko ezustekorik ezean, behintzat, hauek izango dira: Maria Lopez de Eguilaz eta Rocio Ybarra, Espainiako belar-hockeyko emakumezkoen selekzioko jokalariak eta Jolasetako kide ohiak. Rocio Ybarra selekzioko kapitainarentzat, bere hirugarren Jokoak izango dira, Atenasen eta Beijingen parte hartu zuen-eta. Maria Lopez de Eguilaz, ostera, "Jokoetako atezain onena izateko guran" lehiatuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun