Getxoko Udalak azaldu duenez, balio katastralen berrikuspenak merkatuaren balioak ezartzen duenaren proportzionaltasuna gorde gura du. Hori horrela, Getxon ezartzen diren 71.095 ordainagirietatik, %51,68eko kasuen balioa murriztu eta %48,32en kasuan igoko litzateke. Popularren berbetan, berriz, datorren osoko bilkuran onartu beharreko katastroak "udalerri osoko etxebizitzen balorea %5 igotzea" ekarriko luke.
Hala ere, gobernu-taldeak orokorrean balio hori %0,65 igotzea proposatuko du. Era berean, balio katastral handiena duten higiezinetan tipoak handitutako multzoa ezartzea proposatuko du; horrek etxebizitzen %2,42ri eragingo lioke.
Popularrek diote gobernu-taldeak eta EH Bilduk sinatutako akordioaren ondorioa dela guzti hori; halere, koalizio abertzaleak argi utzi gura izan du hori "gezur hutsa" dela: "PPk badaki, edo jakin beharko luke behintzat, katastroaren eguneraketa Foru Aldundiak egin duen prozesua dela". Halaber, gobernu-taldearen eta EH Bilduren arteko akordiorik ez dagoela argi utzi du koalizio abertzaleak: "ez dago horrelako akordiorik. Une honetan informazio batzordean aztertuko den proposamena gobernu-taldeak egindakoa da, eta ez dagor bat EH Bilduk publiko egin duen proposamenarekin". Izan ere, koalizioak ohikoak ez diren etxebizitzei %50eko gainordaina ezartzea proposatu gura du, baita OHZ progresiboa izatea ere.
Bestalde, EH Bilduk salatu du PPk gauzak "erabat nahasi" gura izan duela. Azaldu duenez, "orain Getxon dagoen tipoa 1,181ekoa da, eta gobernu-taldeak proposatzen duena 0,242koa da".