AEBetako Smithsonian Institut-eko Folklive Festivalak zure produktuak erakutsiko ditu euskal produktuen azoka ekologikoan...
Eurak ipini ziren nigaz harremanetan; antza, webgunean nire produktuak ikusi, eta gustukoak izan zituzten. Niretzat, egindako lana errekonozitzea da hori. Izan ere, horrek bestelako merkatu batzuetara hedatzeko aukera eskaintzen dit. Halaber, produktu ugari erosi dizkidatenez, lortutako etekinakaz enpresan inbertitzeko aukera ematen dit.
Zelan egiten dituzu xaboiak eta baltsamoak?
Betidanik egin diren bezala egiten ditut, baina teknika modernoak ere erabilita. Xaboia, azken finean, azido eta oinarri bategaz osatzen da. Hala, sosa edo potasa uretan nahastu, eta olioak gehitzen dizkiot. Horrela, xaboia eta glizerina lortzen dut. Antzina baserrietan, animalien olioakaz egiten ziren xaboiak, baina nik landare-olioak erabiltzen ditut. Baltsamoak ere, landare jatorria duten argizariakaz egiten ditut. Nire produktua guztiz ekologikoa eta beganoa da.
Zerk ezberdintzen ditu gainerako produktu komertzialetatik?
Ohiko kosmetikatik, kontu askok! Horietan produktu kimiko ugari erabiltzen dira; askotan alergiak eta beste hainbat arazo sor ditzakete. Etxean egindakoen artean ere, batzuetan esaten dute naturalak direla, baina egiatan ez dira ekologikoak... Nik gauza horiek guztiak zaintzen ditut; bizitzeko proiektua izatea gura dut, baita izaera soziala izatea ere.
Non eros daitezke zure produktuak?
Laborategia Algortan daukat, eta xaboiak eta baltsamoak Getxoko hainbat dendatan saltzen ditut, esaterako Musuz Musun eta Txalupan. Ile-apaindegi eta denda ekologiko batzuetan ere aurki daitezke, baita Interneten ere. Gainera, azoka ekologikoetara ere joaten naiz normalean.
Eta etorkizunari zer deritzozu?
Hasiera gogorra izaten dabil, gutxika bidea egiten noa, gauzak ondo egin gura dituzunean ez dagoelako lasterbiderik. Etorkizunean, egindako lana errekonozitzea eta denda propio bat izatea gura nuke; hori da helburua.