Hirugarren postuan geratu zen Alejandro Valverde murtziarra, Castroviejo helmuga gurutzatu eta hiru segundora iritsita.
Izagirre izan zen azkarrena atzo Alacanteko 41 kilometroko ibilbidean. 50 minutu eta 52 segundo erabili zituen distantzia zirkuitu gorabeheratsua zeharkatzeko. Zirkuituaren erdian, baina, Valverdek zeukan denborarik onena (29:30), Izagirreren (29:34) eta Castroviejoren (29:37) aurretik. Ormaiztegikoak eta Itzubaltzetakoak, ostera, euren markak hobetu zituzten ibilbidearen bigarren zatian.
Castroviejok erakutsi du ebakuntzatik ondo osatu eta sasoian dagoela, Nairo Quintana Tourreko garaipena lor dezan laguntzeko prest. Itzubaltzetarrak Portugalen izandako erorikoaren gaineko "garaipen txikitzat" jo du atzoko bigarren postua. Aitortu duenez, "ziurgabetasun handia" izan zuen prestaketa-garaian, baina pasa den asteko Suitza Tourrek "adore handia" eman zion. Suitzatik bueltan ere, "zalantzak izan nituen, atsedena hartzeko hiru egun besterik ez" zuelako txapelketaren aurretik, "indarrak batzeko". Halere, zirkuitura aterata, Movistarrekoak hankek ondo erantzun zutela ikusi zuen, "agian azken 8-10 kilometroak luzeegiak egin zaizkit".