Anne Etchegoyenen ahots gozo eta ahaltsuak Frantzia konkistatu du. Donapaleun jaio zen abeslaria, eta Baztango Erratzu herrian ere badauzka sustraiak. Arrakasta handia eduki du Les Voix Basques diskoagaz; lan horretan, euskal folkloreko kanta tradizionalak eta berak konposatutakoak nahasten ditu Etchegoyenek. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez kantatzen du. Lana Urrezko Disko bihurtu da Frantzian, eta "Hegoak" bideoklipak, Mikel Laboaren "Txoria Txori" kantaren moldaketak, oihartzun handia lortu du sarean.
Oraingoan, Juanlu Diaz-Emparanzak zuzendutako Biotz Alai abesbatzagaz kantatuko du. Talde algortarra 1923an sortu zen, San Nikolas parrokiako abesbatza izateko; hastapenetan, Manuel Gainza jauna izan zuten lehenengo zuzendaria eta Angel Uriguen jauna ondoren. 1966an eta Juan Jose Gainza jaunaren zuzendaritzapean, lehenengo zuzendariaren semea hain zuzen ere, aro berri bat zabaldu zitzaien. "Abesbatza kanpora begira jarri genuen, eta elizan ez ezik kultura-aretoetan ere abesten hasi ginen: lehiaketa, emanaldi, kantu-bira zein disko grabaketak; distira handiko lana izan zen garai hartakoa", azaldu dute Biotz Alaiko kideek. Euskal kanta zaharrek eta gaur egunekoek osatzen dute bere errepertorioa.