Getxoko Udalaren adierazpen instituzionala:
LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ekainaren 28an ospatzen da, 1969an Stonewall-en (New York, AEB) izan ziren istiluak gogoratzen diren egunean,hain zuzen. Egun hartan hasi zen askatasun homosexualaren mugimendua.
"LGTB harrotasuna" kontzeptuaren oinarrian dago inor ezin dela bere izaeraz lotsatu behar, dena delakoa bere sexua, orientazio sexuala edo identitate sexuala.
Getxoko Udaletik salatu nahi dugu gizarte talde honi egiten zaion bazterketa, eragiten zaion indarkeria eta gizarte mailan talde honetaz egiten den errepresentazioa ere bai, gai hau genero nortasuna baino gehiago edo pertsona bakoitzaren orientazio afektibo-sexuala baino gehiago dela ahazten delarik.
Gizarteak errespetuzko ikuskera bereganatzea nahi dugu, ez jakintasunak sortarazi dituen estereotipoak desagerrarazteko, estereotipo horiek gizartea transfobiara eta, oro har, LGTBfobietara eramaten duela gogoan.
Ezinbesteko jotzen dugu LGTB gizarte taldearen ikusgarritasun sozial eta publikoaren alde lan egitea, eta beren errealitatea ikusgarri egiteko konpromisoa geureganatzen dugu aniztasun sexuala eta genero nortasuna bezalako gaiak jorratuko ditugun guztietan.
Gainera, garrantzitsua ere bada adostasun zabalak lortzea, indarrean dagoen legeria hobetzeko, gizarte talde horien errealitatea kontuan hartzeko eta berdintasunaren kontrako egoerak saihesteko;kontrajarriak izan daitezkeen eta babes berezia beharko duten interesak babestuaz,betiere.
Amnesty International erakundeak adierazi du homosexualtasuna 76 herrialdetan jazarria dela eta heriotza zigorpean dagoela Arabia Saudi, Iran, Yemen, Mauritania, Sudan eta Afganistanen eta Somalia eta Nigeriako estatu batzuetan, eta duela gutxi, Brunein ere bai, pertsona homosexualak heriotzara zigortzen dituen herrialdeen zerrenda lotsagarrira batu dela.
Europan ere, Errusiak etengabe urratzen ditu pertsona Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen giza eskubideak, manifestatzeko eta adierazteko askatasuna ere jazartzen du. Afrikan ugariak dira pertsona homosexualen eta LGTB pertsonen giza eskubideen defendatzaileen kontrako legeak,bereziki Nigerian,Ugandan eta Kamerunen. Legeri hauek ezjakintasunak, aurreiritziek eta integrismo erlijiosoak bultzatuak izan dira, herrialde horietan gero eta protagonismo eta indar handiagoa dutelako. Mundu osoan LGTB pertsonen Giza Eskubideak etengabe urratuak direla ikusita,ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Hala eskatzen du hiritargoak, esku hartze argi,eraginkor eta sendoa exijitzen duelako giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeetan ematen diren jazarpen eta zigorren aurrean, sexu bereko helduen artean baimendutako harremanak eta LGTB pertsonen giza eskubideak aldezten dituzten erakundeak eta gizaki eskubideen defendatzaileak eurak ere jazarriak direla ikusita.
Homofobia eta transfobia, diskriminazio era bi dira eta ez lukete gizartearen inongo esparrutan lekurik izan behar, pertsonen eskubideak urratzen dituztelako, ordenamendu juridikoaren kontra egiten dutelako eta bizikidetza demokratiko eta anitza urratzen dutelako. Hori dela eta, Getxoko Udaletik hitzematen dugu:
- Gure babes osoa adieraziko diogula Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Eskubideen Nazioarteko "LGTB Harrotasunaren" egunaren ospakizunari, eta pertsona hauen ikusgarritasuna eta beren eskubideen aldeko sentiberatzea bultzatuko dugula.
- Zentzu honetan eman daitekeen indarkeria oro gaitzetsiko dugu, homofobia eta transfobia barne.
- Sentsibilizazio ekimenen garapenean lanean jarraituko dugula aniztasun sexuala eta genero nortasuna moduko gaietan.
- Lanean jarraituko dugula berdintasun osoa eta sexualtasuna eta harremanak orain arteko kulturak ezarri dituen moldeetatik kanpo bizitzeko eskubide osoa lortzeko oraindik dauden harresiak apurtzearren. Udal esparru guztietan gai hau transbertsala izatea bultzatuko dugu "normal" jotzen denaren estereotipo heterosexista apurtzea lortzeko eta gizarte berria eraikitzea xede, gizartean ematen den ezberdintasunak guztiok aberastu gaitzan.
- Eskerrona zin-zinez helaraztea, LGTBI kolektiboetako pertsonen eskubideen alde egiten duten antolakunde guztietara, sinetsi-sinetsi eginda egonik ezen haien ahaleginak eta lanak guztiz funtsezkoak direla gizarte zuzenagoa, bidezkoagoa eta berdinagoa iristea nahi bada, azken batean den-denon eskubideek aurrera egin dezaten.