Alangoko 145 BOE-ak zozkatu dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 30a, 19:09

Alangoko 145 Babes Ofizialeko Etxebizitzak errentan eskuratzeko zozketa egin du gaur, eguenean, Getxoko Udalak, esleipendunak eta itxarote-zerrenda hautatzeko. Zozketa aprobetxatuz, Udalaren etxebizitza politikaz "nazkatuta" daudela adierazteko, udalerriko hainbat auzokidek elkarretaratu eta parodia egin dute Gobela kiroldegiaren aurrean, 11:30ean.

Datozen egunetan etxebizitzak banatzeko zozketa egingo da gaur ontziak hautatu dituen esleipendunen artean.

Zozketa amaitutakoan, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak gogora ekarri du etxebizitza sustapen hori Etxebizitza Plangintzaren barruan sartuta dagoela, Getxoko hiri-lurzoruan babes ofizialeko promozio publikoak eta pribatuak bultzatzea helburua duena, "gizarteko sektore edo talde behartsuenentzat. Izan ere, horren bitartez, etxebizitza duin eta egoki bat eduki, erabili eta gozatzeko eskubidea bermatu nahi diegu". Arregik nabarmendu du "etxebizitza hauetako gehienak gazteentzako dira, gure konpromisoa delako kolektibo horri etxebizitza bat lortzeko aukerak ematea, horretarako zailtasun handiak baitituzte".

Kiroldegiaren aurrean bildutako auzokideek akordura ekarri dutenez, Udalak 35 urtetik beherako gazteei errentan emateko 150 etxebizitza egingo zituela agindu zuen 2010 eta 2012 artean; hori dela eta, Udal Gobernua gezurretan dabilela salatu dute: "6 urteko atzerapenagaz, 145 zozkatuko dituzte gaur bertan (horietatik 84 izango dira 35 urte azpikoentzat)". Horrez gainera, etxebizitza publiko horiek "promotore pribatu baten esku" geratuko direla ohartarazi dute . Izan ere, auzokide horien arabera, 15 urte igaro ondoren, etxebizitza horiek erosiz gero, "lur publikoa pribatizatzeko aukera zabaldu dute Imanol Landa eta bere lantaldeak".

Horren aurrean, udalerrian 3.500 etxebizitza huts daudela gogorarazi eta etxebizitza politika "sozialago" bat aldarrikatu dute.

15 urteko errenta, gehienez

Alangoko errentako etxe horien lehen promozioan, 2 logelako 87 etxebizitza daude (70 metro koadro arteko gehienezko azalera erabilgarriak), logela bakarreko 33 (54 metro koadro arteko gehienezko azalera erabilgarriak) eta 3 gelako 19 etxebizitza (90 metro koadro arteko gehienezko azalera erabilgarriak). Beste 6 etxebizitza mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat izango dira (60 eta 90 metro koadro arteko gehienezko azalera erabilgarriak).

Egokitu gabeko etxebizitzen %60 (84 etxebizitza) 35 urtetik beherako gazteentzat gorde dira, %8 (11) guraso bakarreko familientzat eta gainontzekoak (44) kupo orokorrekoentzat.

Elkarretaratzea Gobela kiroldegiaren aurrean

Etxebizitza-eskubidearen aldeko parodia

Zozketa publikoa, iruditan

Alangoko BOEn zozketa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun