Akordioaren proiektuak
Algortako erdigunean mugikortasuna, errez mugitzea eta pertsonen eta ibilgailuen segurtasuna hobetzeko "akordioa oso garrantzitsua da Algortarako eta Getxorako", nabarmendu du Joseba Arregi Hirigintzako zinegotziak, eta akordioak aurreikusten dituen lau jarduera aurreratu ditu:
- Algortako lehenengo errotazio-aparkalekua eraikitzea, ordaintzekoa eta egoiliarrentzat ere, Manuel Gainza plazaren azpian, Bolue, Euskal Herria eta Telletxe kaleen artean. 3.850 metro koadroko azalera izango du, eta 263 ibilgailu sartu ahal izango dira, 3 solairutan. Sarrera Telletxe kaletik izango da eta irteera Bolueko jaitsieratik.
- Algortako Etorbidea urbanizatzea, Telletxe eta Mariandesena kaleen arteko zatia. Horretan pertsonentzako espaloi jasangarriak eta zamalanerako gunea izango dira, eta aparkalekuak berrordenatuko dira, oinezkoeentzak guneei lehentasuna emanez.
- Mariandresena kalearen urbanizazioa, pertsonentzako "atseginago eta jasangarriago" bihurtuz.
- Euskal Herria kalean, Mariandresena eta Amezti kaleen arteko zatia oinezkoentzat bihurtuko da. Honi lotuta, Andres Cortina kalea hobetuko da.
Une honetan, aipatutako jarduerek zirkulazioan edukiko dituzten eraginak aztertzen ari dira eta baita aparkalekuaren bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioari buruzko ikerketa egin ere. Ikerketa horien ondorioak ezagututa, Udalak behin betiko diseinuak zehaztuko ditu, ondoren proiektuak bideratzeko eta lizitazio eta lanak aurrera eramateko txostenak agintzeko. "Aurtengorako helburua da lurpeko aparkalekua hasteko behin betiko diseinua eta lizitaziorako pleguak edukitzea", azpimarratu du Joseba Arregik.
Hirigintzako zinegotziak gogoratu du akordio honen barruan ere sartzen dela HAPOren aldaketa puntuala Sarrikobaso 31.3 unitatean eta horren arabera inguru horretarako zegoen aparkalekuaren erabilera izatetik etxebizitza egin ahal izatera pasako da, inguru horretan etxebizitzen bloke bi eraikiz. Lehenak 36 etxebizitza libre izango ditu, eta bigarrenak babespeko 28.