Ikuskizun onenaren saria jaso du Utopianek; antzezle onenarena, Unai Baigesek

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 7a, 13:00

© UTOPIAN

Getxoko Utopian antzerki-eskolaren "Paren el mundo 2.0" lana izan da ikuskizun onena Bilboko Antzerki Eskolen Jaialdian. Gainera, Getxoko Antzerki Eskolako Unai Baigesek antzezle onenaren saria jaso du, gizonezkoen atalean.

Pasa den astean egin zen Campos Eliseos antzokian Bilboko Antzerki Eskolen Jaialdia (FETABI, gaztelaniazko sigletan). Astebetez, hamaika ikuskizunegaz gozatzeko aukera eskaini du bosgarren edizioan FETABIk. SGAE Fundazioak eta Lurralde Batzordeak antolatzen duen jaialdi-lehiaketan "antzerki-eskola ofizial zein ez ofizialetako ikasleek osatutako antzerki-talde edo konpainiek" parte hartu dute, baita "unibertsitate-campusetako ikasleek osatutako antzerki-taldeek" ere. Kupula aretoan eskaini dituzte lehiaketaz kanpoko ikuskizunak; OFF FETABI atalekoak, hain zuzen ere. Eta Teatro aretoan lehiatu direnak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "Euskadiko proposamenak 8 izan dira: Bizkaiko Antzerki Ikastegia Barakaldotik; EHUko Antzerki Laborategia Donostiatik; Nexo Teatro (Con la que está cayendo taldea) eta Anima Eskola, Bilbotik; eta, Getxoko (Utopian taldea) eta Portugaleteko Antzerki Eskolak. Iruñetik proposamen bakarra gauzatu da, alegia, Nafarroako Unibertsitatearena (Mutis por el foro taldea); Euskal Herritik kanpoko lanak 2 izan dira, bide betez: TECU taldea Logroñoko Errioxar Unibertsitatetik, eta, Valladolidetik, Gaztela Leongo Arte Dramatiko Goi mailako Eskolan ikasle den Álvaro Caboallesek aurkeztutakoa". 

Domekan banatu zituzten sariek "zerbait berezia" izan dute antolatzaileek azpimarratu zutenez, "izan ere, sariak baino antzerkigintzan formazioa eta prestakuntza sustatzea bilatu baita, aurten ere. Hasteko 6 sari aurreikusi dira. Horiekin batera Ikuslegoaren Saria eta Moldatutako testu eta Zuzendaritza eszeniko onenei diploma edo ziurtagiriak". Hala, hauek dira irabazleak:

Ikuskizun onenari saria: "Paren el mundo 2.0" (Utopian - Getxo)

Antzezle onenari saria (Gizonezkoak): Unai Baiges (Getxoko Antzerki Eskola)

Antzezle onenari saria (Emakumezkoak): Ianire Calvo - Estela Celdrán (Ánima Eskola Bilbao)

Jatorrizko egiletza Onena saria: Fernando Montoya (BAI Barakaldo)

Moldatutako testu onena eta Zuzendaritza eszeniko onenari saria: Galder Perez (Ánima Eskola Bilbao)

Euskarazko Ikuskizun onenari saria eman barik geratu da, antolatzaileen esanetan "200€ aurreikusten ziren aurten lehen aldiz indarrean sartzen zen sariaren irabazlearentzat, alegia, Euskarazko Ikuskizun onenari, baina, epai-mahaiak berau eman gabe uztea erabaki du".

Jasotakoei dagokienez, hona FETABIkoen azalpena: "lanak aurkezteagatik 11 taldeek parte-hartze ziurtagiria jaso dute. Hautatua izateagatik dagoeneko talde edo konpainiek 545€ko laguntza jasoko dute; 250€ OFF FETABIn taularatuak direnak. Egiletza Originalaren Testu Onenari Saria irabazi duenari 500 euroko zenbatekoa eman dio eskudirutan SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluak. Emakumezko Aktore onenari Saria eta Gizonezko Aktore onenari Saria irabazten dutenei 300 euroko zenbatekoa eman die, kasu honetan, AISGE Fundazioaren izenean Mario Pardo aktoreak. Ikuskizun onenari Saria irabazi duen antzerki talde edo konpainiari 200 euroko zenbatekoa eman dio Deabru Beltzak euskal antzerki konpainia profesionalak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun