Begoñako galeriak ezagutzeko aukera gehiago, udan

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 13a, 14:02

Getxoko Udalak Begoñako galeriak ezagutzeko bisita gehiago eskainiko du udaldian; hala, "% 70 areagotuko da udarako" leku-kopurua; astean 160 eskaintzen dituzte, eta 275 eskainiko dituzte udan. "Orduantxe ibiltzen baita jende gehien", Udalaren esanetan; horrez gainera, jasotako bisitarien iritziei eta eskariei jaramon eginez hartutako erabakia da.

Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmen dute Begoñako galeriak zaharberritzeko egitasmoa garatzeko, "herritarrei irekitako eta herritarren zerbitzurako ikerkuntza eta exekuzio prozesu baten bidez galeriak leheneratzeko asmoz". Lanak aurrera doazen bitartean, eraldaketa eta galerien historia ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Egunotan ezagutarazi dituzte bisitetan parte hartu dutenen iritziak eta balorazioa. Hala, Udalak eta Unibertsitateak ondorioztatutakoaren arabera, "% 97k adierazi du euren aurreikuspena bete dela, eta % 98 berriro joango litzateke galerietara, egungo edukiak berritzean. Gainera, % 99k gertukoei gomendatuko lieke bisita". Horren albotik, erabiltzaileek "bisiten edukiari eman diote baloraziorik onena: % 99k gogobetegarritzat jo dituzte", eta gidarien azalpen-lana ere goraipatu dute. Bisitetan parte hartu dutenen "gomendio" edo eskarietako bat ordutegiari dagokiona izan da, luzatzeko edo bisita gehiago eskaintzeko "eskatu du zenbaitek, gaur egungo eskariari erantzun ahal izateko". Horri erantzunez udaldian bisita-kopurua areagotu du Udalak.

"Galeriak martxotik urrira bitartean bisita daitezke, eta urtetik urtera eremu berriak ikus daitezke, galeriak leheneratzeko lanak aurrera doazen heinean. Aurtengo bisitetan, proiektuan diharduten UPV/EHUko ikertaldeek galeriei balioa emateko 2015ean egin dituzten lanak erakusten dira", azaldu du Getxoko Udalak. Hala aurten eskaintzen dituzten bisitek "ardatz bi" dituzte: "galeriak eraikitzeko erabilitako materialen identifikazioa eta materialak etorkizuneko lehengoratze lanerako ezagutzeko garrantzia, alde batetik, eta eraikinaren egonkortasuna eta kalteak, eta leheneratzeko prozesuan egingo diren jarduketak, bestetik. Horrez gain, bisitetan eremu berri bat ezagut daiteke: labarraren ingurua".

Punta Begoña Galeriei balioa emateko proiektua akordura ekarriz, EHUko iker-taldeak hurrengoa gogoratu du:

Getxoko Punta Begoña Galeriak XX. mendearen hasierako Bizkaiko eta Euskadiko eraikinik esanguratsuenetako bat dira, haien erabilera bitxiagatik, kokaleku bereziagatik eta eraikitzeko erabili zen teknologiagatik.

Horregatik guztiagatik, eta ikusirik gaur egun hondaturik daudela, Getxoko Udalak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, herritarrei irekitako eta herritarren zerbitzurako ikerkuntza eta exekuzio prozesu baten bidez galeriak leheneratzeko asmoz.

Hala, UPV/EHUko bost ikertalde hainbat diziplina uztartuz ari dira galeriak leheneratzeko lanean Getxoko Udaleko aditu talde batekin, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta. UPV/EHUk, berriz, Punta Begoña Galeriak leheneratzeko prozesuan proposatzen diren ekintzen inguruko aholkuak eta jarraibideak ematen ditu.

Bisitak martitzenetik domekara eskaintzen dituzte (hainbat ordutegitan), euskaraz zein gaztelaniaz, 25 pertsona arteko taldeetan egin daitezke. Doan badira ere, aldez aurretik izena eman beharra dago:

Getxoko Udalaren webgunearen bitartez (www.getxo.eus) edo Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituz (94 491 08 00).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun