Euskadiko errugbi-selekzioak Espainiakoaren aurka jokatuko du gaur, Faduran

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 15a, 14:17

Zazpiko errugbi-norgehiagoka jokatuko dute Euskadiko selekzioak eta Espainiakoak, gaur, hilak 15, 19:00etatik aurrera, Fadurako zelaian. Euskaldunek eta espainiarrek zazpi minutuko hainbat partida jokatuko dituzte.

Berriro ere elkarren aurka jokatuko dute Euskadiko eta Espainiako emakumezko-selekzioek gaur. Pasa den martitzenean ere lehiatu ziren, "Euskadik ezin izan zuen garaipena eskuratu, baina itxura ederra eskaini zuen eta joko polita erakutsi zuen", Errugbiko Euskal Federazioaren ustez.

Euskadiren taldea honakoek osatuko dute: Arantza Olabarria, Saioa Jaurena, Ilargi Diaz, Lucia Moya, Amaiur Mayo, Igone Martin, Laura Lorenzo, Uribarri Barrutieta, Leire Muñoz, Lucia Masa, Nerea Agirre, Idoia Olabarrieta, Maitane Salinas, Lide Erbina, Enara Cacho eta Garazi Goikolea.

Espainiarrak domekara arte egongo dira Getxoko Hobekuntza Teknikorako Zentroan, Olinpiar Jokoetarako prestatzen baitabiltza. Euskal Federazioak jakinarazi duenez, "Espainiako selekzioan lau euskaldun daude gaur egun: Angela del Pan, Barbara Pla, Amaia Erbina eta Anne Fernandez de Corres. Zazpiko errugbia izango da Olinpiar Jokoetara euskal kirolari gehien eramango dituen modalitatea. Izan ere, behin betiko deialdia oraindik erabakia ez badago ere, gaur egun gizonezkoen Espainiako selekzioan beste hiru euskaldun daude: Pablo Feijoo, Ignacio Martin eta Igor Genua. Gainera, Vincent Inigok –Agenen jaiotako jokalaria baina Baionaren harrobikoa– Frantziarekin jokatuko du".

Hego Euskal Herriko zazpi jokalariek Rion parte-hartzea ez litzatekeela ezustekoa izango adierazi du Errugbiko Euskal Federazioak, "Izan ere, Euskadiko Federazioak gogor lan egin du azken urteotan zazpiko errugbia sustatzeko, eta batez ere emakumezkoen artean bultzatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak astero antolatzen ditu teknifikazio saioak, bai gizonekin bai emakumeekin, Getxoko Hobekuntza Teknikorako Zentroaren laguntzarekin. Ekimen hau orain dela bi urte aurkeztu zen Jon Redondok zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzaren Kirol Sailaren aurrean. José Miguel Galdos programa honen zuzendari teknikoa da; Mari Mar García, Basque Team-eko teknikaria, eta prestakuntza fisikoaren arduraduna Julio Calleja da". Federazioak dioenez, "Euskadiko Federazioak eta Espainiakoak laster sinatuko dute akordio berri bat modalitate hau sustatzen jarraitzeko".

Ezagutarazi dituzten datuen arabera, gaur egun Hego Euskal Herrian 130 emakumezkoen lizentzia daude. "Espainiako selekzioarekin dauden lau jokalarien artean, Erbinak Gaztediaren Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuen. Ordiziarra, Fernandez de Corres eta Uribarri Barrutietagaz batera, Europako 18 urtez azpiko azpitxapelduna izan zen. Gainera, orain dela gutxi Enara Cacho eta Nerea Agirre Munduko Txapelketa Unibertsitarioan egon ziren".

Espainiako selekzioari harrera egin dio Getxoko Udalak

Ondoetorria egin zion atzo Getxoko Udalak errugbiko zazpiko taldeari, "abuztuaren 5ean hasiko diren Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetarako prestatzeko Getxon dagoenari". Keltse Eiguren lehen alkateordeak eta alderdi politikoetako hainbat ordezkariek hartu zituzten jokalariak udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Espainiako errugbi-selekzioa Getxon. © Asier Arevalo Billelabeitia

Udalak prentsa-oharrez adierazi duenez, "Getxorentzako olinpiaden aurreko kontzentrazioan taldea hartzea ohore bat dela aitortu ondoren", Eigurenek zera esan zien: “abuztuaren 6an, nazioarteko kirol-txapelketa nagusian Frantziaren aurka egingo duzuen debutean, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erabateko berdintasuna lortzeko bidean beste oztopo bat eraisten ariko zarete. Inolako zalantzarik gabe, zuen lorpenak eta aurrean duzuen erronka kirol-mailakoak dira, baina emakumezkoen kirolak gizarte osoari ahaztu ezin dugun balio bat gehiago eskaintzen dio. Errugbia, mende bat geroago, kirol olinpikotzat hartuko da berriro eta Olinpiadetan zuen parte-hartzeak, zuen kirolarentzako hitzordu historikoa dena, erakundeei nahiz komunikabideei eta kirolaren sustapenean esku hartzen duten gainerako eragileei zuei merezi duzuen arreta eta laguntza eskaintzeko laguntzatzat balio behar digu".

Eiguren akorduan izan zuen “errugbiak gure udalerrian, Getxo Rugby Taldearen lan eskergari esker, herritarren artean sustraitze sakona eta tradizio luzea du. Haiei zor diegu gure herriak guztiok osatzen duzuen senidetasun handi horretan bere tokia edukitzea”. Amaitzeko, “Espainiako Errugbi Federazioari eta Euskadiko Errugbi Federazioari maila nagusiko taldeen egonaldiak antolatzerakoan, gaurko taldearena esaterako, gure udalerria beti aintzat hartzea” eskertu zien Egigurenek.

Bestalde, Tomas Epalza Espainiako Errugbi Federazioko zuzendariak Getxoko Udalari eskertu dio "jasotako abegi onagatik eta errugbiari emandako laguntzagatik. Zorte ona da guretzat talde olinpikoa izatea, baina zuen lana ez da izan zorte kontua. Lan izugarria egin duzue Joko Olinpikoetara heltzeko. Hori dela eta, bakarrik esan dezaket disfrutatu merezi duzuelako".

Ekitaldiaren amaieran Aixerrotaren figura eman zioten Espainiako Selekzioari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun