Portu Zaharraren zaporeakaz osatutako liburua aurkeztu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 15a, 19:15

"Portu Zaharra dastatuz" errezeta-liburua aurkeztu zuten atzo, Etxetxu plazan, Portu Zaharreko auzokide Marcos Bretosek, Getxoko Udaleko Turismo zinegotzi Irantzu Uriartek eta Eusko Ikaskuntzako proiektuen arduradun Koro Murok, Portu Zaharreko hainbat auzokogaz batera.

Getxoko Udalak azaldu duenez, "Algortako Portu Zaharraren kultur, itsas eta arrantza ondarea dinamizatzeko planaren garapenerako Eusko Ikaskuntzarekin sinatutako akordioaren testuinguruan" argitaratu dute “Portu Zaharra Dastatuz” liburua. Euskaraz eta gaztelaniaz plazaratu dute lana, eta ", bereizitako koadernotxo bat dauka ingelesez eta frantsesez, bisitan datozen eta txoko honetako platerik hedatuenen berri jakin nahi duten pertsonentzat".

Bizilagunek emandako errezeta tradizionalak, eta Marcos Bretosek jaso eta pilatutako auzoko ostalarienak ere jasotzen dira liburuan. "Bilketan, balio etnografiko eta antropologikoari garrantzia eman zaio "gastronomia" edo bitxikeria irizpideei baino; Portu Zaharreko jatetxe eta tabernek euren sorkuntzak eskaini dituzte ere gustu zorrotzenak asetzeko", azaldu dute Eusko Ikaskuntzakoek. Hamasei dira auzokideek emandako errezetak, hiru jatetxe nagusiek aurkeztutako platerak eta lau Portu Zaharreko tabernek eskainitako pintxoak". Bretosek eskertu die Udalari eta Eusko Ikaskuntzari emandako aukera “lan honetan parte hartzeko, eta auzokideei eta jatetxeei errezetak biltzeko beraien sukaldeetan sartzen uzteagatik. Niretzat, lan polita eta interesgarria izan da. Betiko errezetak eta platerrak bilatu ditugu, egunerokoak, edo ohiko pintxoak”.  

Liburua osatzeko Portu Zaharreko argazki-zaharrak ere batu dituzte, eta Juan Gondra eta Esther Rebatok egindako bi hitzaurre ditu, norberak bere diziplinaren ikuspegitik landutakoak; elikaduraren gaia landu eta Portu Zaharreko bizimodua laburbildu dute. Horrez gainera, Pedro Bilbao Encera doktoreari gorazarre egin diote lan honetan, "portuan jaiotako medikua aitzindaria izan zelako gaixotasunak prebenitzeko bizimodu eta elikadura osasuntsuak gomendatzen".

Mediku erretiratua eta Eusko Ikaskuntzako kidea da Juan Gondra; UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko kidea da Esther Rebato. Sarrera horietan azaltzen dute "elikagaiek, bizimoduek eta aro bakoitzeko inguruabarrek elkarrengan nola eragiten duten. Biek, zeinek bere diziplinatik, Portu Zaharreko elikaduraren eta bizimoduaren gaiari heltzen diote".

Hala, Portu Zaharreko ohiko errezetak aurki daitezke liburuan, argitaratzaileek jakinarazi dutenez, "hemengoak bakarrik ez direnak, baina bertoko elikaduran, historian eta bizimoduan garrantzi berezia izan dutenak, baita auzoko taberna eta jatetxeetako errezetarik moderno eta puntakoenak ere. Beraz, batetik indabak sakramentuekin, morokila, zurrukutuna, eskarrak edo marmitakoa dauzkagu, eta krabarroka-budina edo Idiazabal kurruskaria, bestetik".

Alde batetik, Eusko Ikaskuntzako Koro Murok nabarmendu duenez,  “ez da ohiko sukaldeko liburua baizik eta Portu Zaharrekoen  elikatze-ereduaari buruzkoa, Bizkaiko eta Euskal Herriko udalerri askotara zabal daitekeena. Ez dago lehenengo eta bigarren plateren edo postreen atalik. Portu Zaharreko bizimoduen zaporeak eta ereduak igorri nahi izan ditugu. Horregatik aspaldiko argazkiak ere agertzen dira. Lan hau ez litzatekeen posible izango, Portu Zaharreko auzokideen laguntzarik gabe”.

Beste aldetik, Irantzu Uriarte Turismo zinegotziaren berbetan, argitalpen honegaz Udalaren asmoa dela, “Portu Zaharrak, txoko benetan berezi eta jatorra denak, daukan ondare kultural eta gastronomikoa ezagutzera ematea, izugarri erakargarria baita getxotarrentzat eta bisitarientzat. Beste aurrerapauso bat da hau Portu Zaharra dinamizatzeko plan orokorraren barruan, auzo honen aldeko apustuan, eta bizilagunen eta udalaren arteko elkarlan eta parte hartzean, Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin. Aste Santuaren aurretik Portu Zaharrean hainbat jarduera aurkeztu genituen eta orain liburu honen berri ematen ari gara, inguruko auzokideei eta ostalaritzako establezimenduei esker posible izan dena”.

Liburu honen 500 ale argitaratu dituzte: euskara eta gaztelerazko lana 14 euroan dago salgai; ingeles eta frasesezkoa 10 euroan. Ereagako Turismo Bulegoan eros daitezke.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun