Pasaiara, Hondarribira eta Oiartzunera joan dira Algortako ikurrinak

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 18a, 18:34

Pasaitarrak Getxoko ikurrinagaz. © MAIDER CELADA - EUSKOTREN LIGA

Atzo, domeka, Algortako Portu Zaharreko auzokideek eta arrauneko munduak agurra eman zion Jose Ignacio Polori, orain dela egun batzuk zendutako Algortako Arraun Taldeko arraunlariari. Minutu bateko isiltasun une xume batez egin zuten. Poloren itzalaz aparte, gipuzkoarren eguna izan zen Algortako uretan.

Euskotren Ligan, Pasai Donibaneko Batelero arrosek bere laugarren bandera lortu zuten; San Juanek orain arte ezarritako diktadurari eutsi zion. Getxoko VII. Ikurrina lortu zuten 10.40.36ko denbora eginez. Bost segundo atera zizkieten Hibaikari eta Oriori. Txanda Cabok  osatu zuen, arrosengandik minutu erdira.

Hala, dagoeneko San Juanek 16 puntu metatu ditu; Hibaikak 12 ditu; Oriok, 7; eta Cabok, 5. Besteak beste, Ondiz Lekubarri arraunlari getxoztarra dabil Pasai Donibaneko traineruan.

San Miguel Liga hurrengo aste-akabuan Galiziako uretara bidaiatuko da. Bertan, Bandeira Concello de Moaña eta Bandeira Concello de Boiro banderak jokatuko dira zapatuan eta domekan, hurrenez hurren.

San Miguel Liga

Euskotren Ligan gertatu legez, San Miguel Ligan ere demokrazia ez dabil osasuntsu, hondarribitarrek erabat mendean baitute sailkapena: 81 puntu eta jokatutako zazpi banderetatik sei eskuratu dituzte; azkena Getxoko Estropaden 38. Ikurrina lortu zuten atzo, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren omenezko hamabigarrena. Berdeek  19.40.28 denbora egin zuten. Bederatzi segundo beranduago Urdaibaiko "Bou Bizkaia" iritsi zen helmugara, San Miguel Ligako sailkapen nagusian gipuzkoarrekiko 6 puntu galduz. Bermeotarrek Javi Polo algortarra eta Jon Elortegi barrikoztarra dituzte eskifaian, besteak beste. Kaiku  seigarren izan zen estropadan irabazleekiko 21 segundo galduz, Astillero ordea estropadako azkenaurrena izan zen.

Tiran bigarren txanda hasieratik dominatu egin zuen Orioren aurretik. Galiziarrek Moañara hirugarren postua eraman zuten 19.53.36ko denborari esker. Orio, ordea, zazpigarren izan zen, San Pedro eta Zierbenaren aurretik. Azken bi hauek, zortzigarren eta hamargarren dabiltza sailkapen nagusian hurrenez hurren.

Lehen txandan, Caboren eta San Juanen artean izan zen borroka. Azken luzean, galiziarrak laugarren izatea lortu zuten, 19.56.64ko denbora eginda. San Juan bosgarren izan zen; eta Portugalete, bederatzigarren. Azkenik, Zumaiak eguneko denborarik kaxkarrena egin zuen. Hala ere, Unai Osa, Patroi Onenaren Sariaren maillota izaten jarraitzen du.

Hondarribiako eskifaia, atzo, Getxoko ikurrinagaz. © MAIDER CELADA - SAN MIGUEL LIGA

KAE 2 Liga

Eskualdeko traineru gehienak parte hartzen dabiltzan ligan, Oiartzunek bere lidergoa sendotu zuen atzo, Portu Zaharreko XIII. ikurrina irabazi baitzuten itsaslapurrek. Sailkapen nagusian legez, Arkotek bigarren egin zuen. Getxokoek laugarren egin zuten Algortako uretan, baina halere, sailkapeneko hirugarren postuari eutsi diote. Lutxanarrak 10. sailkatu ziren, Ligan daukaten postua baino koxka bat beherago.

Beteranoak

Algortan ez, baina Plentzian oraindino bizkaitarrek estropadak irabaz dezaketela erakutsi zuten zapatuan Getxo Arraun Taldeko beteranoek. Arkoteko beteranoen Batera traineruari aurrea hartuta, getxoztarrek euren bigarren bandera lortu zuten. Liga amaitzeko proba bi besterik ez direla falta, hiribildukoek lau bandera dituzte eta Pontejosek, bakarra. Sailkapen nagusian Arkote buru da, 59 puntugaz; bigarrena Getxo da, 53 puntugaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun