Aurten hogei bat erakusketa eta jarduera ugari eskainiko ditu Getxophotok hilabete batean zehar, irailaren 1etik urriaren 2ra bitartean. Lanen gaia denboraren joana izango da, hainbat ikuspegitatik: Ori Gersht israeldarrak ateratako loreen detonazioak (Blow Up); Koreako Bohnchang Kooken munduko hainbat hoteletan erabilitako xaboien tipologiak (Soap); Anna Katharina Scheidegger suitzarrak Suitzako Alpeetako glaziarren urtzearen denboraren kontrako borroka islatzeko egindako lana (Glaciers Couverts); eta Argentinako Irina Werningek egindako antzinako argazkiak (Back to the Future), besteak beste.
Era berean, Nafarroako Punto de Vista jaialdiak utzitako "Paperezko erlojuak" izeneko marrazkien erakusketa ikusi ahalko da. Irudi horiek Alzheimerra duten pertsonek oroimen galduko tailer batean egindakoak dira, eta Jokin Aspururen arabera, "hunkigarriak" dira. Halaber, Bilboko Euskal Museoaren kolaborazioagaz, Eulalia Abaitua bilbotarra (1853-1943) omenduko du jaialdiak. Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, Abaitua emakumezko lehen euskal argazkilaria izan zen.
Horrez guztiez gainera, Aspuruk Begoñako galeriak nabarmendu gura izan ditu gaur, horiek jaialdiaren gune "nabarmenetako" bat izango baita. Izan ere, bertan erakusketak, bisita gidatuak eta pelikulak proiektatuko dituzte. Era berean, Getxophotoren hasierako eta amaierako ekitaldiak bertan egingo dituzte, areto nagusian. Gainera, aurten, Utopian zentroagaz dagoen elkarlanari esker, erakusketa ibiltari bat egingo dute herrian zehar, zortzi aktoreren eskumenez.
Jarduerak
Erakusketaz gain, hainbat jarduera egongo dira aukeran hilabete osoan zehar; horietako asko lehenengo aste-akabuan izango dira, irailaren 1etik 4ra. Egun horietan zuzeneko ekintzak egongo dira, baita hainbat hitzaldi, proiekzio eta tailer, besteak beste. Halaber, aste-akaburo Getxophotok gidatutako bisitak eskainiko ditu edalontzi-azpiko bereziak izango dituzten ostalaritza-lokaletatik (Getxon, Bilboko Zazpi Kaleetatik eta Bilbo Zaharretik). Horregaz batera, Photowalk bisita egingo dute Zarauzko Photomuseumera.
Jaialdiaren filosofia
Getxophoto ohikoak ez diren erakustokien aldeko apustua egin du hasieratik, eta, topatzeko, gozatzeko eta hausnarketa egiteko espazio publikoaren defentsa ere egin du. Hori dela eta, erakusketa gehienak kanpoaldean izaten dira.
Hamar urteko ibilbide horretan, ia berrehun erakusketa egin dira udalerriko toki desberdinetan, eta munduko hainbat txokotik (bertokoak, Argentina, Japon, Israel, Korea, Kanada, AEB, Frantzia, Suitza eta Alemania) etorritako ehunka profesional, kritikari, irudiaren teoriko, argazkilari eta milaka ikusle hurbildu dira jaialdira.
Gaur, martitzenean Algortako Portu Zaharrean egindako aurkezpenean, Jokin Aspuruk eragile anitzen, eta bereziki, Getxoko Udalaren partaidetza eskertu du horien bitartez aurrera eraman daitekeelako jaialdia, eta nabarmendu du bere ibilbidean jaialdiak erakundeek eta tokiko eragileek osatutako ekosistema lortu duela, irudiaren eta artearen inguruan, eta horrek "zentzua" ematen diola.
Era berean, Amaia Agirre Getxoko Udaleko Komunikazio zinegotziak nabarmendu du Udalak jarraituko duela jaialdia babesten, Getxoren ikuspegi unibertsala proiektatzen duen kultura-erakustaldi berritzailea delako: "Getxophotok bere lekua finkatu duelako korronte artistiko abangoardistenen ispilu gisa. Nazioarteko mailako ezagutza eta dibulgazio ekitaldi kulturala da, eta gure udalerriaren ekonomia eta turismoa sustatzeko beste jarduera bat gehiago. Horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu jaialdi honetan parte hartzera”.