M.E.M.L.-ren kontratazio espedienteari dagokionez, irregulartasun ugari daudela dio EH Bilduk: "nahasmenera eramaten dute elkarte, ustezko marka, enpresa eta pertsona fisikoen artean", eta, antza, nahasmen horrek "onurak" ekarri ahal izan dizkio esleipendunari.
Era berean, nahasmen hori kontratazio-mahaiak bilatua eta baimendua izan dela interpretatu daitekeela uste du koalizio abertzaleak. "Are gehiago, topatu nahi izan direla senideak kontratatzeko mugak saihesteko bideak; hain zuzen ere, Estatuko Kontratazio Legeak ezartzen dituen mugak, aukera-berdintasuna eta administrazioaren gardentasuna bermatzen dituena".
Horren aurrean, eta erdiesten dabiltzan informazio batzuk lortu bitartean, EH Bilduk uste du, "Getxo Kirolakeri, lehendakariari eta EAJri dagokion erantzukizuna politikoari buruz ari garela, kudeaketa eredu ilun eta hautazkoak onartzeagatik".
EH Bildukoek ez dute zalantzan jarri Udala eta kirol-kluben arteko harremanen edota Getxo Kirolakek herritarrakaz duen harremanen hobekuntza zein lorpenak. Halere, hobekuntza horiek guztiek erakundearen zenbait kudeaketa "ilun" estali ezin dutela deitoratu dute. "Kudeaketa hori instituzio publikoena izan arren, aipatutako azken ekintzek ez dute hori demostratzen. Orain dela gutxi izandako planifikazio-teknikariaren kontratazioaren prozesua, eta kasu honetan azaltzen diren hainbat irregulartasunek erakusten dute hautazko kudeaketa dagoela, EAJren babespean", salatu dute.
Arinkeria
Horrez gain, ustelkeria- edota kutunkeria-akusazioak oso serioak direla eta ezin dituztela arinkeriaz erabili adierazi du EH Bilduk, honako arrazoiengatik: "Egia direnean altxor publikoari min egiten diotelako, administrazioaren sinesgarritasunari eta politikaren sinesgarritasunari, guztioi eragiten digularik; eta egia ez direnean edota neurritik ateratzen direnean administrazioaren izenaren galera dakarrelako eta agerian uzten duelako politikan denak balio duela, eta ez da behintzat politika ulertzeko gure modua".
Edonola ere, eta azken Getxoko Kirolakeko Zuzendaritza Batzordeari dagokionez, euren aburuz, "esku hartze ez-justifikatuak gertatu ziren, afinitate politikoetan edo pertsonaletan oinarrituta, baina inondik ere, datuetan". Horren aurrean, gaia salatu zuen taldeak bere salaketa aurkeztu zuela, baina ez zuela gainerako taldeei datu nahikorik eskaini deitoratu dute, egiatasuna kontrastatze aldera. Eta, oraindik ere, dokumentazio nahikoa helarazi ez dutela salatu dute.
Beste aldetik, Getxo Kirolakeko Zuzendaritzak bere defentsa erakutsi zuen, "baina ez genuen izan pausagune nahikorik datuak aztertzeko. Getxo Kirolakek, ordea, espedientea helarazi digu, eta dagoeneko aztertu dugu, hori dela eta, honako oharra".