David Ajak (Valladolid, 1977) jarduera zabala eta arrakastatsua du ilustratzaile gisa. Marrazkilari dotorea, azal-egile bikaina eta narratzaile bizia, bere belaunaldiko talentu handiko artisten artean nabarmendu da eta komiki-azokan etorkizun oparoa du.
Salamancako Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu ondoren, ilustrazio profesionalaren munduan abiatu zen 2000. urtean. Garai horretan lanak egiten hasi zen zenbait argitalpenetan, esaterako "El Pais" egunkarian, "Cinemania" eta "Rolling Stones" aldizkarietan eta, handik urte batzuetara, komikiaren mundura pasatzea erabaki zuen. 2004an, Madrilera bizitzera joan zen; urte horretan, Mike Marts Marvel Comics-en argitaratzailea ezagutu zuen Bartzelonako Komiki Azokan. Martsen eskutik abiatu zen Estatu Batuetako komiki-merkatura, ilustratzaile eta azal-egile lanetan. 2005etik aurrera, izen handiko serietan nabarmendu da, esaterako "X-Men Unlimited", "Wolverine", "Daredevil", "Iron Fist" eta "Hawkeye" komikietan.
Sariak
Komikian jarduten hasi zenetik, hainbat nazioarteko sari jaso du Ajak, adibidez, Harvey, Eagle eta Micheluzzi eta, batez ere, Eisner sariak. Azken horiek munduko komiki-sari garrantzitsuenak dira eta egileak bost eskuratu ditu. Pasa den zapatuan, Eisner sari berri bat jaso zuen Valladolideko artistak "Scarlet Witch" seriean eginiko lanarengatik. 2013an eta 2014an beste lau Eisner sari irabazi zituen azal-egile, marrazkilari eta marrazkigintza-talde sailetan "Hawkeye" seriearengatik.