Mota horretako laguntza ekonomikoak ez dira aldizka ematen diren horietakoak, gastu espezifikoei edo ohiz kanpokoei aurre egiteko laguntzak baitira. Gizarte-bazterketa egoerarik gerta ez dadin edo halakoak arintzeko ematen ditu Udalak nahikoa baliabide ez dituzten Getxoko bizilagunei. Horiek jasotzeko eskatzaileek "adin nagusikoak izan behar dute eta Udaleko Gizarte-langilearekin aurretik adostutako Arreta pertsonalizatuaren planean parte hartu behar dute; izan ere, laguntzen aparteko izaera dela-eta, prestazioak egoera zehatz batzuk hobetzeko tresnak edo baliabideak dira, eta egoera hobetzeko ibilbide oso batean parte. Eskatzaileek ez dituzte eduki behar ondasun higiezinak %100eko jabetzan (Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren araudiak ezarritako ezaugarrien arabera), eta laguntzaren modalitate bakoitzerako baldintza espezifikoak bete beharko dituzte".
Hala, Udalak emango dituen laguntza motak hauei lotutakoak izango dira: etxebizitzaren beharretarako (ostatua, eta etxebizitzari eusteko eta kontserbatzeko); laneratzea eta gizarteratzea bultzatzeko (haurtzaindegietara eramateagatik sortutako gastuetarako, eta Bizikidetzako Unitateko adingabeen jarduerek sortutako gastuetarako), eta beste mota bateko laguntzetarako (elikadura, jantzien eta oinarrizko tresnen oinarrizko premietarako, osasun-arloko premietarako, eta arreta pertsonalizatuaren plana bultzatzeko gastuetarako).