Klub areetarrak azaldu duenez, aurtengo "lantaldea aurreko denboraldiko baino lehiakorragoa da". Halere, kontzienteak dira "arerio oso indartsuen aurka" jokatu beharko dutela. Horien artean kokatu dute Fuenlabrada; talde madrildarrak oso kanpaina irregularra egin zuen iaz, baina orduko dozena erdi jokalari baino ez ditu mantendu Josip Visnjic entrenatzaileak, lantaldea goitik behera berritzeko eta igoera eskuratzeko talde faboritoetako bat bihurtzeko. Visnjicek kanporatutako jokalarien artean dago Borja Diaz, orain "Bolo"-ren aginduetara dagoena.
Hortaz, Gobelakoek biharkoa "partida zaila" izatea espero dute. Horrela izan zen talde bien arteko azken talka, orain dela lau hilabete Itzubaltzeta/Romon jokatutakoa. Orduan, amaierarako bost minutu falta zirela Aitor Ramosek sartu zuen partidako gol bakarra.
Bazkide-txartelak
Bitartean, Arenas futbol-kluba hasi da bazkide-txartelak banatzen, inpresioagaz hainbat arazo izan ondoren. Gura duten bazkideek txartela batu ahal izango dute klubak Gobela kiroldegian duen bulegoan, barikuan, edo leihatilan, zapatuan, honako ordutegietan:
- Barikuan: 20:30ak arte.
- Zapatuan: 10:00etatik 17:15era.
Egun bi horietan txartela jasoko ez duten bazkideei, postaz helaraziko die Arenasek, astelehenean.