Getxophotok 20 erakusketa eta hainbat jarduera programatu ditu urriaren 2ra arteko epe horretan. Denbora izango du ardatz jaialdiak eta hura nola erakusten, aditzera ematen eta komunikatzen duen argazkigintzak. Begihandi elkarteak antolatuta, Udalaren eta "hainbat txoko kide, dendari, ostalari eta afizionatuen laguntza du", Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendari eta komisarioak adierazi duenez.
Koldo Iturbe Kultura zinegotziaren ustez, "Getxophoto ekimen zabala da, publiko guztien konplizitate aktiboa bilatzen duena, ez bakarrik ikusle bezala baizik eta sortzaile gisa ere, antolatutako hainbat ekitaldien bitartez".
Aste-akabuko egitaraua
Gaur, Michael Wesely argazkilari alemaniarrak estreinatu du jaialdia, bere lanari buruz berbaldia eskaintzen hasi baita Begoñako Galerietan, 19:00etatik aurrera. Bihar, barikuan, inaugurazio-ekitaldi ofiziala egingo dute Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, 19:30ean; proiekzioak eta zuzeneko musika izango dira.
Bestalde, irailaren 2an, barikua, maisu-ikastaroa emango du Frank Kalero Getxophotoko komisario ohiak. Teknologia berriak proiektu fotografikoetan zelan erabili izango da gaia; formatu narratibo berriak sortzeko, zer lantresna berri eta zahar dauden izango du berbabide. Antolatzaileek ez dute zehaztu non izango den, baina leku-kopuruak mugatuta daudela esan dute. Ordutegia, ondoko hau: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Zapatuan, hilak 3, bisita gidatu berezia egingo dute argazkizaleek, 11:30ean San Nikolas plazatik irtenda. Bertan hartuko dute parte Jokin Aspuru jaialdiaren komisarioak eta beste hainbat argazkilarik, beraien lanaz hitz egiteko: Anna Katharina Scheidegger, Michael Wesely, Amy Friend, Jeremie Nassif, Kris Sanford, Daesung Lee, Carlos Ayesta eta Amit Sha’al.
Asteburuan, azkenik, Irina Werning-en "Back to the Future" izeneko erakusketa bisitatu ahal izango da; zapatuan, Kirol Portua-Ereaga-Portu Zaharra ibilbidean; eta domekan, Algortako erdigunean.