Bihar abiatuko dute Skate Astea, Areetan, Itzubaltzetan eta Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 2a, 14:00

Aurkezpenaren irudia. © GETXOKO UDALA

Skate Astea egingo dute hilaren 3tik aurrera Getxoko Arrigunaga hondartzako La Kantera eta Areetako  skate-pistetan. Asteari amaiera emanez, bihar zortzi jokatuko da La Kantera Pro Pool Contest txapelketa. Lehiaketa horrek "Getxo skatearen nazioarteko erreferente bilakatuko du beste behin", Getxo Skate Klubeko antolatzaileen arabera.

Aurten hirugarren urtea izango da Areetan eta Getxon nazioarteko skatea presente dagoela, ekimenaren formatu berri bategaz. Aste horretan, bertoko eta goi mailako txapelketak jokatuko dituzte, bai Areetako pistan bai Arrigunagakoan ere.

Bihar, zapatuan, hasi eta hurrengoan amaituko den jarduera-programaren helburuak dira skatea sustatzea eta jende guztiarengana hurbiltzea; kirol hori oso errotuta dago udalerrian, Irantzu Uriarte Turismo zinegotzi getxoztarrak gogorarazi duenez. Getxo Skate Kluba bertoko skaterren elkarteak eta kirol horretako udalerriko pertsona ospetsuek antolatu dute Astea. Besteak beste, tailerrak, erakusketak eta klase praktikoak izango dira Getxon, Areetan eta Itzubaltzeta/Romon.

Bihar, 17:00etan, Basque Pool Series ekimeneko azken proba izango da, La Kanteran; zirkuitu horretan biltzen da euskal patinatzaile onenetariko hainbat. Gernikan eta Ordizian jokatu dira aurreko saioak.

Astelehenean, irailak 5, skate-jam bat antolatuko dute Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan; bertan klaseak emango dituzte aldapa txiki batean 11:00etatik 12:30era. Arrastian, 17:00etatik aurrera, argazki-erakusketa bat izango da plaza berean. Ondoren, erakustaldia egingo dute, 20:00ak aldera amaituko dena.

Skate Astearen lehiaketa-mailak gora egingo du hilaren 7an, eguaztena, Areetako skate-parkean bertan egingo baita The Tournament lehiaketa, nazioarteko patinatzaile onenetariko batzuekaz. "Iaz gozatu ahal izan zen legez, probaren formatu libreak eta pistaren ezaugarriek ikuskizun handia ziurtatuko dute", uste dute antolatzaileek. Txapelketa 14:00etan hasiko da eta 2.900 euro banatuko dituzte saritan. La Kantera eta Areetako skate-pistetatik aterako dira La Kantera Pro Pool Contest lehiaketarako azken zortzi sailkatutakoak.

La Kantera Pro Pool Contest

Skate Astea amaitzeko, bigarren zapatuan, hilaren 10ean, La Kantera Pro Pool Contest lehiaketa handia jokatuko da Arrigunagako bowl-ean. Bertan parte hartuko du nazioarteko skater onenetarikoen ordezkaritza batek, bai master kategorian eta baita kategoria profesionalean. 10:00etatik aurrera jokatuko da, eta 35.000 euro banatuko dituzte saritan.

Txus Dominguez skater getxoztarra, Arrigunagako pistaren diseinugilea eta ekitaldiaren antolakuntzako kideak azpimarratu duenez, La Kantera Pro Pool Contest-ek "mundu osoan oihartzun handia izan dezan nahi dugu. Horregatik, munduko zirkuituko skater onenak ekarriko ditugu, hala nola, Alessandro Sorgente brasildarra, Chris Russell, Danny Leon, Ivan Federico eta iazko irabazlea, Kalle Berglind gazte suediarra. Master kategorian ere, itzal handiko patinatzaileak etorriko dira, besteak beste, Steve Alba eta Sean Goff, 50 urtetik gorako patinatzaileak, beste skater europear garrantzitsu batzuekin lehiatuko direnak".

Aurreko urteotan legez, jarduera guztietarako sarrera librea eta doakoa izango da eta bigarren zapatuan La Kanteran harmailak eta pantaila erraldoiak instalatuko dira, ekimenaz gozatu ahal izateko. Gainera, zale-gune bat ere egongo da, adin guztietarako ekintzak hartuko dituena. Areetako zein Arrigunagako txapelketak zuzenean emango dira interneten bidez.

Trafikorako aldaketak

Jende ugari etorriko dela aurreikusi denez, Udaltzaingoak Altube eta Artagan kaleak itxi egingo ditu ibilgailuentzat irailaren 10ean, 8:00etatik 20:30era bitartean. "Beraz, ikuskizuna ikustera etortzeko asmoa dutenei garraio publikoa erabiltzea gomendatzen diegu. Eta inguru horretako bizilagunei, aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiegu, ekitaldiaren antolaketak eragin ditzakeen eragozpenak ulertzeagatik", adierazi du Irantzu Uriarte zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun