Aurrestreinaldian filmaren zuzendaria, protagonistak eta talde artistiko eta teknikoko ordezkari ugari egongo dira; herri-erakundeetako ordezkari asko ere bai, hala nola Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Koldo Serra getxoztarrak zuzendutako bigarren film luzea da "Gernika". Drama erromantiko eta emozional bat kontatzen du, Euskal Herriko historiaren gertakari tragikoenetariko baten testuinguruan: 1937. urtean Gernikan izandako bonbardaketa.
"Filma grabatzean bi milioi euroko eragina sortu da Euskadi osoan, aurretiko ekoizpen eta grabaketa faseetan 750 enplegu sortu ziren eta sektore oso ezberdinetako Bizkaiko enpresak kontratatu zituzten", Eusko Jaurlaritzak dioenez. Pelikularen eszenak Bizkaiko hainbat lekutan filmatu ziren, besteak beste, Bilbon, Gernikan, Gaztelugatxen, Diman, Lekeition eta Barakaldon. Bizkaitik kanpo, Araba eta Gipuzkoako zenbait lekutan ere filmatu zuten.