Gobela inguruko eremu iragazkorrak porlanez bete izana salatu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 12a, 12:10

Gobela ibaiak gainezka egin du hainbat alditan azken urteotan.

Gobelak Kaltetutako Auzokideen Elkarteak Getxoko Udalak garatu duen hirigintza politika salatu du. Diotenez, Gobelaren arroaren inguruko garapen urbanoa “beteta” dago, eta horrek “lurrak duen ura xurgatzeko eta gordetzeko ahalmena murriztu du, uraldiak izateko arriskua areagotuz”.

Uste dutenez, ibaiak naturalki izan dituen urak gainezka egiteko eremuak porlanez bete izanak uholdeak izateko arriskua mantendu eta “URAk garatutako ekintzak pikutara eramatea” eragingo du. Azken sei urteotan erakunde horrek martxan jarritako obrak ontzat eta beharrezkotzat jo dituzte auzokideek; halere, hainbat tokitan uholde-arriskua handiagoa izango dela salatu dute, hala nola Larrañazubin, Faduran, Neguri Langilen eta Salsidun.

Horren aurrean, auzokide elkarte horrek urbanizatzeko eremu berrietako drainatze-araudia handitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Neurri horregaz, eremu-iragazkor gehiago ez galtzea eta ura gainezka egiteko ibaiak dituen gune naturaletan ez eraikitzea gura dute. Halaber, Getxoko Udalaren ingurumen mantentze lanak kritikatu dituzte, ez dituztelako “behar bezala” garatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun