Zapatuan zabaldutako oharra: "Itsasoak dakarkiguna"
Kantauri itsasoko erosotasunetik, ematen du Mediterraneo urruti, oso urruti, dugula. Baina gure kostaldetatik ere entzun daitezke heltzen ez direnen oihuak; bizitza hobearen bila bidean beraiena uzten dutenenak, amestutako bizitza prometatua, eta, askotan tamalez, bortizki moztua. Gure hondartzetan ez ditugu hilotzak jasoko, gorpu hilak (historiak, sentimenduak, sentsazioak zirenak, itsasoak kendu zizkien). Baina horrek ez ditu gure kontzientziak baretu behar.
-
Horregatik gaur ekarri ditugu gorpu horiek gure hondartzara; bizi baizik nahi duten pertsona horiek guztiak ikusgai egiteko; zuk eta nik bezala, bizi, maitatu, barre eta negar egin, hazi, haserretu... baino ez.
-
Horregatik beste hondartzetan eguneroko ogi bihurturiko errealitatea hurbildu nahi izan dugu gaur, hain urruti ez dauden kostaldeetan tristeki ohikoa bilakatu dena.
-
Horregatik gaur eszenifikatu nahi izan dugu ezin dugula isiltasun konplizerekin erantzun Ekialdetik, Afrikatik... datozen eta Europar Batasuna deiturikoan sartu nahi duten milaka pertsona errefuxiatu eta migratzailek jasaten duten tratuaren aurrean.
-
Horregatik gaur, inoiz baino ozenago oihukatzen dugu ankerkeriaren aurrean, egunez egun burdin- hesiak gainditzen saiatzen diren pertsonen gorputz urratuak, gorputz indargeak, olatuek kulunkaturiko gorpuak... erakusten dizkigun basakeriaren aurrean.
-
Horregatik gaur salatzen dugu saihets daitekeen mina, umiliatuta, abandonatuta, gaseztatuta, kolpatuta, mugetan eraikitzen diren kanpamentuetan itxitako pertsonek jasaten dutena.
-
Horregatik gaur, bereziki, emakume errefuxiatuek jasaten duten indarkeria bikoitza salatzen dugu; autoritateek, kartzelariek, eta beren bidelagunek beraiek sexualki erasotu, bortxatu, gaizki tratatu, kolpatuak izaten baitira bidaian zehar.
Aylan umearen argazkiak gure kontzientziak astindu zuela urtebete pasa da, eta europar gobernu gehienek, espainiarrak barne, ez dituzte giza-eskubideen inguruko akordioak bete, ezta estatu bakoitzari dagokion pertsona errefuxiatuen kopurua jaso ere.
Horregatik, ez gaitezen isilik gelditu!
Pertsona horiekin solidarioak izan gaitezen, errefuxiatuak gure etxeetan jasoz, behar dituzten baliabideak helarazi edo protestak edo manifestazioak antolatuz... Ahal ditugun foro guztiak erabili behar ditugu mugak itxi eta guztion bizilekua den munduan zehar ibilbide segurua ukatzearen injustizia salatzeko, planeta guztiona baita eta ez gutxi batzuen ondarea.
Gure protestek harago joan behar dute. Bere propaganda xenofoboa banatzeko aukera baliatzen duen politika ultraeskuindarra ere salatu nahi dugu. Pertsonek aske mugitzeko askatasunaren kontra mugak gotortzen dituzten Estatuen kontra egin behar dugu. Kezko hesien atzetik ezkutaturiko interes ekonomikoek bultzaturiko gerren kontra altxatu behar gara.
Era berean, lehenengo munduko estatuek eta gobernuek sorturiko pobreziaren kontra protesta egin nahi dugu, horiek baitira "errefuxiatuen krisia" gaizki izendutakoaren erantzule bakarrak. Zeren eta, zuen gerrak nahi ez baditugu ere, suntsitzen dituzuen lurraldeetan bizi diren pertsonak bai maite ditugu. Eta maite ditugu, benetan maite ere, gupidarik gabeko kapitalismo global eta patriarkal batek hedatzen dituen jarreren kontra.
Munduko biztanletzat jotzen dugu gure burua, eta pertsona guztiak libreki ibil daitezen lan egin nahi dugu. Ondo dakigu ez daudela pertsona ilegalak, bizi-baldintza hobeak nahi eta bilatzen dituzten pertsonak baizik; eta salatzen dugu "etorkin ilegal" kontzeptua elkartasunean sinesten ez duen estatu batek asmatua dela.
Horregatik oihukatzen dugu, batera esaten dugu, hemendik, Kantauritik, Ereagatik, gure mezua edonora ozen hel dadin: mugak zabaldu, ongi etorri errefuxiatuak!