Getxoko Milia jokatuko da zapatuan Algortan

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 12a, 18:10

Emakumezko federatuen lasterketa, iazko Getxoko Milian. © ITXARTU

Zapatu honetan, hilak 17, Algortako Telletxe plazak eta kaleak osatuko dute X. Getxoko Miliaren pista. Proba Itxartu Taldea kultura eta kirol elkarteak eta Getxoko Atletismo Taldeak antolatu dute, Getxoko Udalaren laguntzaz. Getxoko Milia gizonezko zein emakumezkoen maila guztietan korritzen den iraupen-erdiko herri-lasterketa da, txiki eta umeen mailetatik seniorretara, federatuak zein ez federatuak barne.

Lasterketa goizeko 11:40tik aurrera egingo da, kategoria desberdinak tarteka aterako direla, txikienetatik hasita eta gizonezkoen elite mailakoakaz amaitu arte, 13:00etan. Parte hartzaileek, behe mailatakoak izan ezik, hau da, kadeteetatik federatuetara, lau eta erdi itzuli eman beharko dituzte Telletxe plaza eta kalean kokatutako zirkuituan, hots, guztira 1.609 metro (itzuli bakoitzak 353 metro ditu). Irteera Telletxe kaleko errepidean izango da, Bizkaibuseko geralekuan. Helmuga, ordea, Telletxe plazan izango da, metro geltokiaren aurrean.

Getxoko Milia 1987an antolatu zen lehenengo aldiz. Eten luze baten ostean, bigarren edizioa 2008an jokatu zen, atletismoaren jarduera sustatzeko eta kirol ikuskizuna eskaintzeko. Aurten hamargarren urteurrenera helduko da eta datorren urtean, berriz, 30 urte beteko ditu.

Antolatzaileek sari bereziak ezarri dituzte lasterketaren markak gainditzeagatik. Lasterketa dela eta, Udaltzaingoak zirkulazioan hainbat aldaketa ezarriko ditu.

Izen-ematea

Milian parte hartzeko izen-ematea doakoa da eta pertsona interesdunek izena, abizenak, jaiotze data, sexua, kategoria, bizi-udalerria, telefonoa, posta elektronikoa eta kluba edo eskolaren izena eman beharko dituzte honako lekuetan: Kantxa Kirol Moda (Torrene kalea) edo Gaztañaga Kirolak (Amezti kalea). Internetez ere eman daiteke izena, Itxartu.com webgunean. Epemuga eguena izango da, hilak 15. Antolatzaileek ez dute izen-ematerik onartuko probaren egun berean.

Eliteko lasterketetan parte hartzeko federatu-fitxa aurkeztu behar da ezinbestean. Inskripzioa gonbidapen bidez egiten da. Interesdunek federatuen inskripzio-orria bete behar dute eta bertan derrigorrez federatu-fitxaren zenbakia ipini behar dute. Bere fitxa eta datuak aztertu ondoren, Antolatzaileak harremanetan jarriko dira pertsona horregaz, federatu lasterketan parte hartzeko baldintzak adosteko, ahal baldin bada edo, federatu lasterketan onartzen ez badute, lasterketa herrikoian parte hartzeko aukera emateko.

Kategoriak jaioturtearen arabera

  • Txikiak, 2010 eta ondorengoak.
  • Aurre-umetxoak, 2008 eta 2009.
  • Umetxoak, 2006 eta 2007.
  • Kimuak, 2004 eta 2005.
  • Haurrak, 2002 eta 2003.
  • Kadeteak, 2001.
  • Gazteak, 1999 eta 2000.
  • Juniorrak, 1997 eta 1998.
  • Seniorrak, herrikoiak eta federatuak, 1996 eta aurrekoak.

Lasterketen ordutegia

  • 11:40 Txikiak, bira baten 3/4ak.
  • 11:45 Aurre-umetxoak, bira bat.
  • 11:50 Umetxoak, bira bat.
  • 12:00 Kimuak, bira bi.
  • 12:05 Haurrak, hiru bira.
  • 12:10 Mutilak: Kadeteak, Gazteak eta Juniorrak, lau bira (milia osoa).
  • 12:20 Neskak: Kadeteak, Gazteak eta Juniorrak, lau bira (milia osoa).
  • 12:30 Gizonak – Herrikoiak, lau bira (milia osoa).
  • 12:40 Emakumeak – Herrikoiak, lau bira (milia osoa).
  • 12:50 Emakumeak: Elite, lau bira (milia osoa).
  • 13:00 Gizonak: Elite, lau bira (milia osoa).

Sariak

Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiek ezarritako araudien arabera, Txiki, Benjamin, Kimu eta Haur mailetan ez da sari berezirik egongo. Partaide guztiek, bere parte hartzea eskertuz, oparitxo bana jasoko dute. Kadete, Gazte, Junior eta Herrikoi mailetan garaikurrak egongo dira lehenengo hiru sailkatuentzako.

Federatu mailan, lehen hiruentzat garaikurrak ez ezik, gizonezko zein emakumezkoetan, diru-sariak ere egongo dira lehen lau sailkatuentzat. Horrez gain, zirkuituko errekor absolutua lortuz gero eta euskal errekorra gaindituz gero ere sari bereziak izango dira, bi kasuetan mutil zein neska izanda.

Markak

Gizonezko errekor absolutua Peter Bomok dauka; 2008an, 4 minutu eta 18 segundo egin zituen. Lehenengo Euskal Herritarra, ostera, Ivan Fernandez da; 2011n, 4 minutu eta 23 segundoko marka ezarri zuen. Emakumezkoei dagokienez, Getxoko Miliako azkarrena Iris Fuentes Pila da, 5 minutu eta 9 segundogaz, 2008an. Hiru urte beranduago, Leyre Medinak lortu zuen euskal herritarren arteko markarik onena: 05.15.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun