Mugikortasun Asteari hasiera emango diote gaur Getxon

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 16a, 17:20

Mugikortasun Astea Areetan, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA.

Irailaren 22ra arte iraungo duen Europako Mugikortasunaren Asteari emango diote gaur, barikuan, "Mugikortasun adimentsua. Ekonomia sendoa" lemapean. Edizio honetan ekimen bi aurkeztuko dira: aparkalekua eta autoa partekatzekoa. Gainera, jarduera-programa oparoa eskainiko da; besteak beste, ohi den moduan, "Autorik gabeko eguna", domekan, hilak 18, egingo da.

"Aurtengo leloaren bidez, aditzera eman nahi dugu, garraio iraunkorra sustatzen duten hiriek beraietan bizi diren pertsonen osasuna hobetzeaz gain, turismo aktiborako azpiegituretarako inbertsioak, trafikoaren pilaketak murrizteko garraio publikoaren erabilera sustatuz, eta lanera bizikletaz joateko sistemei ematen zaien babesak diru publikoa aurreztu ahal dutela, baita tokiko merkataritza bultzatu ere", esan du José Luis Landa Getxoko Udaleko Ingurumen zinegotziak.

Aurreikusitako jardueren artean, esperientzia bi nabarmendu dituzte; bata aparkalekua konpartitzeko (Comparko web plataformaren bidez) eta bestea autoa partekatzeko (Eusko CarSharing Elkartearekin). "Hona hemen kontsumo eta negozio eredu berri bi, erabiltzaileek mugikortasunean dituzten beharrizanak asetzeko, gure planetaren iraunkortasun-arriskuaz gero eta kontzientzia handiagoa sortzean eta Internet eta sare sozialen garapen gero eta handiagoa izatean asmatu direnak", azpimarratu du Ingurumeneko arduradunak.

Comparkoren eta Eusko CarSharing Elkartearen ekimenak

Comparko-k aparkalekuen erabilera eraginkorra sustatzen du. Jabeak eta gidariak izan daitezke erabiltzaileak eta onuradunak. Batetik, jabeak aparteko diru kopuru bat ateratzen du erabiltzen ez duenean aparkalekua alokatuz, eta bestetik, gidariak autoa behar duen lekuan aparkatzen du modu bizkor eta ekonomikoan. Bestetik, gure hirietan trafiko-arintasun handiagoa egongo da, eta aparkaleku bila bueltaka ari diren autoek igortzen dituzten gasak murriztu egingo dira. Comparko aste osoan egongo da Getxoko zenbait leku publikotan sistema azaltzeko eta erabiltzaile interesdunei eskaintzeko.

Bestalde, Eusko CarSharing Elkartea askotariko erabilereko autoaren (autoaren erabilera kolektiboa) kontzeptua edo Car Pooling (libre dauden lekuak partekatzea) sustatzen duen elkartea da, betiere, autoaren erabilera arrazionala eta arduratsua sustatzeko, benetako mugikortasunaren eta mugikortasun iraunkorraren alde egiteko. Domekan, hilaren 18an, stand batean egongo da Areetako kale nagusian. Car sharing edo erabilera anitzeko autoaren ideia ibilgailua pertsona talde baten artean partekatzea da. Horrela, mugikortasun kontzeptu berri bat ezartzen da, garraiobideen erabilera arrazionala sustatzen duena eta behar denean ibilgailu bat erabiltzeko aukera eskaintzen duena, horretarako ezinbestean jabea izan beharrik gabe.

Beste jarduera batzuk eta "Autorik gabeko eguna"

Gainera, egitarauan zenbait jarduera sartuko dira. Gaur doako ikastaro bat emango da Areetan, bizikletan ibiltzen ikasteko. Hilaren 17an, zapatua, hiru ekimen egingo dira: paseo bat oinez Getxon zehar, Curves gimnasioaren eskutik, distantzia laburrak egiteko garraiobiderik onenetako bat oinez ibiltzea dela aldarrikatzeko; bizikleta-ibilbide bat Azkorriko hondartzara; eta hiri izaerako ibilbide bat zenbait puntutan klabe batzuk aurkitzeko. Hilaren 18an, domekan, Autorik Gabeko Eguna ospatuko da: 08:00etatik 20:00etara, Areetako erdigunean ibilgailu pribatuen aparkatzea eta zirkulazioa murriztuko dira, zenbait jolas-jarduera egiteko. Kale hauetan, garajeetan dauden ibilgailuak irtetea baino ez da baimenduko. Murrizketa horiek ez dute eraginik izango garraiobide publikoetan eta aldez aurretik udalaren baimena daukaten establezimenduen ibilgailuetan (eskaerak: ingurugiroa@getxo.eus).

Egitarauak jarraituko du hilaren 19an, astelehena, 19:00etan, Algortako kultur etxean. Bertan hitzaldi bat antolatu dute, bidaia zikloturista arrakastatsu bat egiteko gakoak ezagutzeko (bizikleta, zakutoak, arropa, ibilbideak, alojamendua....) eta Taller Bici Bilbaoko zenbait kidek Txilen iparretik hegoaldera bizikletaz egin zuten 5.000 kilometroko bidaia bat kontatuko dute, ikus-entzunezko labur baten laguntzaz. Hilaren 20an (martitzena), Bizkel eta Bidaideak elkarteek Areetako Geltoki Plazan zenbait jarduera egingo dituzte 17:30etik 20:00etara, jendeari oro har azaltzeko hiri eta arkitektura oztopoek nolako arazoak sortzen dizkieten mugikortasun murritzeko pertsonei. Hilaren 21ean, eguaztena, 19:00etan, La Salve Street Run egingo da: Getxoko kaleetan zehar ibiliko dira korrika, taldean, Imanol Loizaga beteranoen kategoriako Espainiako maratoi txapeldunagaz. Jarduerak hilaren 22an (eguenean) amaituko dira, "bizikletaren hiri erabilera" ikastaro batekin, bizikleten mantentze tailer batekin, bizikleta elektrikoen erakusketa eta proba batekin, eta bizikleten ginkana bategaz, Areetako Xake plazan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun