Emakumezkoen eta gizonezkoen probak erabat ezberdinak izan ziren. Emakumeen kasuan, bigarren itzulian bost atleta geratu ziren lasterketaren buruan: Susana Arrua, Nerea Anasagasti, María Eugenia Torre, Iraia García eta Nahikari Leguina. Bostak mantendu ziren azken itzulira arte, Leguina atzean geratu zenean.
Lasterketa esprintean erabaki zen. Susana Arrua izan zen azkarrena, 05.18ko denbora egitean; halere, bertako markarik hoberenetik bederatzi segundora geratu zen. Bigarrena Nerea Anasagasti izan zen, segundo batera. María Eugenia Torrek, ostera, podiuma osatu zuen, lau segundora sartuta. Iraia García izan zen laugarrena, sei segundotara; eta Nahikari Leguina, bosgarren, segundo bat gehiago erabilita.
Gizonezkoak
Gizonezkoenean, hasiera-hasieratik Oubaddik burua hartu eta bere erritmoa ipini zuen. Horren ondorioz, pixkanaka-pixkanaka taldea murrizten joan zen. Hala, ibilbideko hirugarren biran, lau korrikalari baino ez zeuden lasterketaren: Hassam Oubaddi bera, Hamid Ben Daoud, Rubén Castrillo eta Luis Javier Casas. Hurrengo itzulian, Oubaddi bakarrik pasatu zen helmugatik, Ben Daoudengandik segundo pare bateko abantailagaz. Atzerago zihoazen Castrillo eta Casas, biak harrapatu zituen Yassine Laazzaoui-gaz.
Helmugan, Hassam Oubaddi nagusitu zen, 04.29ko denbora eginda. Hurrengo atletei atera zien abantaila honako izan zen: Hamid Ben Daoudi, sei segundo; Rubén Castrillori, zortzi segundo; Yassine Laazzaouiri, hamar segundo; eta David Maldonadori, hamahiru segundo.
Getxoko Milia 1987an antolatu zen lehenengo aldiz. Eten luze baten ostean, bigarren edizioa 2008an jokatu zen, atletismoaren jarduera sustatzeko eta kirol ikuskizuna eskaintzeko. Aurten hamargarren urteurrenera heldu da eta datorren urtean, berriz, 30 urte beteko ditu.