Ibilbide osoa itsasadarreko pasealekutik igaroko da, Bizkaiko Zubian berriro ere amaitzeko, lasterketaren 10 kilometroak osatuta. Izen-emate epea zabalik dago eta eguen honetan amaituko da, 22:00etan. Halere, antolatzaileek iragarri dute inskripzioa itxiko dutela 450 kirolarik izena ematean. Bitartean, Trirunners kirol-dendan egin daitezke inskripzioak, Bizkaiko Zubiko plazako 8. zenbakian, edo Internetez Turesultado.es webgunean. Kasu bietan, zortzi euro ordaindu beharko dituzte interesdunek. Horren truke, kamiseta tekniko bat, fruta-edalontzi bat eta anezka likidoa jasoko dute. Izen-ematea dendan egitean, kirolariei dortsala emango diete momentuan. Internetez egingo dutenek, ordea, dortsalak batu beharko dituzte barikuan edo zapatuan Areetako jai-batzordearen txosnan, Eskola plazan, 11:00ak eta 20:00ak bitartean. Domekan, Bizkaiko Zubiaren ondoko helmugan jasotzeko aukera izango da, lasterketa abiatu aurretik.
Argibide gehiagorako, honako telefonora deitu daiteke, 09:30etik 14:30era: 946 412 467.