Euskara ezagutu, ikasi eta hobetu gura duten 16 urtetik gorakoek aukera zabala izango dute udal, Lauaxeta AEK eta Jose Antonio Agirre ta Lekube euskaltegietan. Ohiko ikastaroakaz batera, guztion beharrak eta gurak asetzeko eskola mota askoren eskaintza izango dute, berbarako: modulu txikiak, HABEren mailak prestatzekoak, autoikaskuntzakoak eta tituluak ateratzeko prestatutakoak. Gainera, Uztarri euskaltegiak 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzako ikastaroak eskaintzen ditu.
Modu berean, oinarrizko ezagutzak emango dituzten ikastaroak ere izango dira; urtero legez, dendarientzat eta ostalarientzat ere bai; baita seme-alabakaz euskaraz egin gura duten gurasoentzako programak zein Berbalaguna ekimena ere, euskaraz berba egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin gura dutenak batzen dituen azken horrek. Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu.