José Luis Ugarte orain dela zortzi urte zendu zen; Abrako Itsas Errege Klubaren bela-eskolak bere izena daroa. Klub horrek antolatzen du lehiaketa; zapatuan eta domekan horretara batuko dira etorkizun oparoko belazaleak.
Bertakoez gainera, Kantabria, Galizia, Asturias eta Frantziatik etorritakoek parte hartuko dute lehiaketan. Zapatuan hiru txanda egingo dituzte, 13:00etatik aurrera. Domekan, berriz, 12:00etan hasiko dira beste hiru txandak. Modalitate denek ordutegi berberak izango dituzte, batzuk Abrako barneko aldean eta besteek kanpoan.