Ohi legez, partaide bakoitzak 45 kiloko lasto fardo bat altxatu behar zuen, 7 metroko altuerara, ahalik eta gehienetan minutu bitan. Jose Martin Bustinza dimoztar txapeldunak, 44 urtegaz Euskadiko txapelketetako bere markarik onena egin zuen: 25 jasoaldi. Bigarren postuan sailkatu zen José Lauzurika Fernandez de Gorostiza arabarra, 19 jasoaldi eginda. Kopuru bera egin zuten Amadek eta Patxi Ituarte Salegi gipuzkoarrak. Berdinketa apurtzeko, bi minutuak bete osteko hurrengo jasoaldia egiteko denbora izan zuten kontuan: arabarrak 4 segundo behar izan zituen, algortarrak 05,40 eta gipuzkoarrak 14 segundo.
Txapelketan jardun zuten beste kirolariak honako hauek izan ziren: Peio Argaia Eizmendi gipuzkoarra (16 jasoaldi) eta Jordan Menegaux (16) eta Anthony Govaert (12) lapurtarrak. Unai Ardeo algortarrak ere parte hartuko zuela iragarri zuen Euskadiko Herri Kirol Federazioak, baina azkenean ez zen horrela izan: 8 parte-hartzaile beharrean 7 izan ziren.