Elkarte eta pertsona askok alor honetan, gizarte bidezkoago bat lortzeko asmoz, egiten duten lan eskerga azpimarratzeaz gain, Udalak konpromisoa hartu du salaketa- eta kontzientziazio-kanpainak egiteko, pertsonen salerosketaren arazoaren berri emateko asmoz. Era berean, nazioarteko elkarlana eta koordinazioa areagotzeko eskatu du, jarduera hori zigortzeko eta prebenitzeko eta biktimak babesteko dauden neurri eta mekanismo arautuak eta instituzionalak erabiliz.
Mozioak
Mozioek duten lekukotasun-izaeragaz, hiru onetsi ziren atzo. Lehenengoan, PPk eskatu zuen Kuskuburu inguruko "eremu gorria"-n, Zubilletan, aisia- eta kultura-zentro bat egiteko aukera aztertu eta gauzatu dadila, eta GUKek aurkeztutako zuzenketa transakzionala onartu zuen, bizilagunen artean aldez aurretik inkesta bat egiteko, zentroari nolako erabilera emango lioketen jakiteko. EH Bildu eta Ciudadanos mozioaren alde agertu ziren, eta gobernu-taldea (EAJ eta PSE-EE) abstenitu egin zen, beren azpiegituren apustua bestelakoa delakoan: udalerriko zentroetan dauden ekipamenduak, eta beraien irisgarritasuna hobetzea.
Bestalde, GUKek eskatu zuen mugikortasun murriztua duten pertsonei lekua gordetzeko jaietan eta beste ekitaldi batzuetan (kontzertuak, kirol ekitaldiak, eta abar), eta EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa transakzionala onartu zen, eskaera hau beste ezintasun batzuk dituzten pertsonei zabaltzeko (itsuak, gorrak eta abar). Gobernu-taldearen arabera, ekitaldi gehienetan gurpildun aulkian doazen pertsonentzat eta beraien laguntzaileentzat lekuak erreserbatu ohi dira, eta EH Bilduk proposatutako ildoan lanean ari direla; hala, abstenitu egin zen.
Era berean, GUKen beste mozio bat onartu zen, Portu Zaharra birgaitze integratuko area gisa katalogatzeko Eusko Jaurlaritzari eskaera egin aurreko azterlana aurten egin dadin eskatzeko.
Osoko bilkuran, halaber, Nerea Guijarrubia Garcíak EH Bilduko zinegotzi kargua hartu zuen, Arantza Gutierrez Pazen ordez.