Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzeta gaztetxeko kideak: "Gaztetxearekiko ilusioa berpiztu dugu"

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 4a, 13:01

"Har ezazu giltza" dinamikari esker, 16-18 urte arteko neska-mutilak gaztetxera hurbiltzea lortu dute.

Itzubaltzeta gaztetxeak 12 urte beteko ditu laster; hori dela-eta, auzo horretako adin guztietako gazteak batu dira gune autogestionatuari "merezi duen" ospakizuna eskaintzeko asmoz. Hala, egitarau berezia antolatu dute urriaren 6,7 eta 8rako.

Azken hilabeteotan Itzubaltzeta gaztetxearen aldeko kanpaina bat abiatu zenuten: "Har ezazu giltza". Zelakoa izan da gazteen harrera horrekiko?

Nahiko positibotzat jotzen dugu jendearen harrera. Etxe Merkera joan behar izan genuenean, ia ez zegoen jende gazte-gazterik. Baina, azkenaldian egindako lanari esker, bai urteurrenari begira zein udako planteamenduari begira, gaztetxo piloa batzea lortu dugu; zelanbait gaztetxearekiko ilusioa berpiztu dugu herrian.

Zer egin duzue hori lortzeko?

Barne eztabaida bat egin ostean, "Har ezazu giltza" dinamika abiatu genuen. Horrekin, gazteria gaztetxera hurbiltzea nahi genuen, horren giltza hartzera eta horren alde lan egitera. Hala, gazteria berpiztu eta korronte berri bat sortu dugu. Orain beste gazte batzuk ere bildu ditugu, oso motibatuta daudenak eta gaztetxea bera eurena sentitzen dutenak. Hori lortzeko, hainbat lanketa jorratu ditugu, gazte talde bakoitzari egokitutakoak. Institutuan, gainera, lanketa berezia egin eta 70 gazte inguru batzea lortu genuen gaztetxearen aldeko bilera batean.

Gobela ibaiko obrak direla-eta, Etxe Merkean eman dituzue azken urteak. Aldaketa nabarmenak izan dituzue zuen jardunean?

Bai, azken finean, lekua ez da berdina, txikiagoa da, eta esparru txiki batean lan egitea zailagoa da. Hasiera batean, eraikina materiala gordetzeko esparru bat zen bakarrik, baina une batzuetan, modu autonomoan, plangintza bereziak egin dira. Orain, berbarako, Athleticeko partidak ikusten hasi gara, beste gazte batzuek ere batzen zaizkigu. Eraikina tresnatzat erabiltzen hasi gara. Azken finean, egin duguna da herriko gazteriari galdetu ea zer nahi duen bertan egitea, eta eurek adostu dute zer nahi duten; azken finean, eurena da.  

Urrian, 12 urte beteko ditu Itzubaltzeta gaztetxeak. Horretarako egitarau berezia prestatzen zabiltzate, ezta?

Udako jaien ostean hasi ginen egitaraua prestatzen; gainera, gazte berri pilo bat batzea lortu dugu gaztetxearen aldeko borroka honetan lan egitera. Bilera bat egin genuen hasiera batean, eta adin ezberdinetako neska-mutilak bildu ginen zeregin horretarako.

Bai, berezia izango da; ohituegi gaude betiko egitarauak egitera. Baina, aurten, 16-17 urteko gazteak egonda, bestelako perspektiba batetik lantzen gabiltza dena. Herritik herriarentzako filosofian kokatu nahi dugu urteurrena, gazteen benetako beharrizanei erantzungo diona.

Zelan ikusten duzue Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna?

Baikorrak gara; gazte piloa bildu da gaztetxearen inguruan, eta belaunaldi berri hau gogotsu dator. Nahiz eta batzuek alde egin, belaunaldi sendo bat dago datozen erronka berriei aurre egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun