Ekitaldi xumea izan zen, baina aldi berean, hunkigarria; Jon Irazabalen emaztea, Ana Goikolea, eta Iñaki Anasagasti ere egon ziren. Anasagastiri esker egin ahal izan da ekitaldia, bitartekari lanak egin dituelako, EAJren iturriek adierazi dutenez. Hori izan da, hain zuzen ere, Peli Irazabalen alargun Bedite Zabalaren azken nahia. Izan ere, iragan abuztuan zendu zen 92 urte zituela.
Irazabalek Ortuzarri azaldu zion Agirreren eta koadroaren egilearen arteko harremana. "Nire ama, Bedite Zabala Otaola, Maria Zabala Aketxeren lehengusina zen –Jose Antonio Agirreren emaztea, hain zuzen-. Horri esker margotu zuen nire aitak koadroa”. Margolanaren ematea oso data berezian ahalbidetu da; izan ere, etzi, barikua, Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 80. urteurrena ospatuko da. Ortuzarrek EBBko bulegoan eskegi du koadroa.