Imanol Landa Getxoko alkateak erakusketa bisitatu zuen atzo, eta aipatu zuenez, "erakusketa ikusgarri eta hunkigarria da eta aukera aparta, iraganera begiratzen duen leiho honen bitartez, Agirre Lehendakariari, bere Gobernuari eta guztiz errepikaezina den belaunaldi oso bati omenaldia eskaintzeko; izan ere, belaunaldi horrek ondare ikaragarria utzi zigun: baloreak, herriarekiko konpromisoa, eta demokraziaren eta askatasunen defentsa". Ondare hori, alkatearen esanetan, "indarrean dago erabat eta hari eutsi beharra dugu".
Erakusketa 1936ko eta 2016ko irudien muntaiek osatzen dute, eta horietako batzuk Getxon hartutako irudiak dira. Irudi guztiak, erbesteratu euskaldun eta katalanen birbiloba den Mauro Saravia txiletar argazkilariaren begitik hartutakoak dira. Bere argazkiakaz eta Sabino Arana Fundazioaren artxibokoakaz erakutsi gura dute "gaur egungo errealitatea iragan ez oso urrun baten ondorio dela".
"Erakusketak lehen Eusko Jaurlaritzaren garaiak, Agirre Lehendakariaren irudia eta garai hartako gizartea erakutsi nahi ditu. Iragana eta oraina ere islatu nahi izan dut, sasoi hartan nola sortzen ziren gertakizunak eta nolakoa den gaur egungo euskal gizartea", aipatu du erakusketaren egileak.
Erakusketak 12 panel ditu, haietako zazpi bikoitzak dira eta argazkiak bi aldeetan dauzkate. Paneletako bakoitzak azalpen-testu bat dauka, gaur egungo eta iraganeko irudiak testuinguruan kokatzen dituena.
Argazki-erakusketaz gainera, ispilu-kubo bat dago, Agirreren balioen inguruko zenbait galderakaz, jendeak kuboan bertan idatziz erantzun dezan. Kubo hau urriaren 7an jarriko da eta beraren dinamika azaltzeaz eta parte hartzea bultzatzeaz arduratzen den pertsona bat izango da bertan.
Getxoren ostean, erakusketa Leioako campusera, Deustuko Unibertsitatera, San Mamesera eta ETBren Bilboko egoitzara eramango dute.