Getxoko berbalagun-taldeetan izena eman daiteke, urri osoan

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 7a, 10:30

© EGIZU

Ikasturteagaz batera martxan ipini dira Topagunearen Mintzapraktika egitasmoak. Lekuan lekuko euskara-elkarteak arduratzen dira euskaraz berba egiteko ohiturarik ez dutenak ohitura dutenakaz elkartzeaz, berbalagun-taldeak osatzeaz eta antolatzeaz. Getxon, Egizuk bultzatzen du doako ekimena: astean ordubetez lagun-talde bategaz elkartu eta euskaraz jarduteko tartetxo bat egitea, hori da egitekoa.

«Batzuek beren hizkuntza-gaitasuna hobetzen dute, hizketarako lotsa galtzen dute eta konturatzerako euskaraz dabiltza berbetan. Besteek, berriz, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen lagunduz euskarari ekarpena egiten diote», arduradunen esanetan.

Iaz 190 berbalagunek parte hartu zuten Egizuk antolatutako 22 taldetan; gainera, kirola egiteko talde berezi bi egon ziren: 30 kideko bizikleta-taldea, eta 15 berbalaguneko mendi-taldea. Guraso-taldeak osatzen ere ahaleginduko dira.

Hala, berbalagun-taldeetan izena emateko aukera urri osoan eskainiko du Egizuk. Gero, ordutegiak, adina zein bestelakoak kontuan hartuta taldeak osatuko dituzte, eta azaroko lehenengo astean hasiko dira taldeak batzen.

Egizuren webguneko izena emateko fitxa betez, datuakaz e-mail bat bidaliz (egizugetxo@yahoo.com) edo telefonoz deituz (619 935 541) egin daiteke izen-ematea.

Egizuk hala azaltzen du ekimena:

Zer da berbalaguna?
Euskaraz berba egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzen dituen programa da.

Zertarako?
Euskara hobetzeko, bide horretan laguntzeko, gehiagotan erabiltzeko, euskaraz bizitzeko, normalizazioaren alde egiteko, …

Nola?
Ohiko jarduera:
talde txikietan, astean behin, ordubetez. Paseoan, kafetegian, parkean,… Ohiko hiztunak eta mintzapraktika egin nahi dutenak nahastuta, beste mintza-taldeekin koordinatuta.ç
Ekintza osagarriak: herriko beste berbalagun taldeekin irteerak, afariak, zaletasun taldeak, beste herrietakoekin, mintzalagunen egunean.

Parte hartzeko baldintza: euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izan behar da.

… eta Gurasolaguna?
Ikastetxeko gurasoak beste gurasoekin biltzen dituen mintzalagunaren aldaera da. Haurrak direla eta, euren ordutegi edo zaintza beharretara egokituta dago.

Berbalagunon dekalogoa

1. Berbalaguna borondatezko parte hartzean eta errespetuan oinarrituta dago.
2. Berbalagun taldea ez da euskara klasea, berba egiteko saioa baizik. Bertan ez dago irakaslerik.
3. Aste batean ezin bazara taldera joan, beti abisatu behar diezu zure taldekideei, gutxienez, saioa hasi baino ordubete lehenago.
4. Puntuala izan zaitez.
5. Ordutegi edo bestelako arazoengatik ezin baduzu taldean jarraitu, guri esan.
6. Edozein arrazoirengatik taldeaz aldatu nahi baduzu, guri esan.
7. Berbalagun taldeak irekiak dira, antolatzaileok egoki ikusten badugu ikasturtean zehar partaide berriren bat sar dezakegu.
8. Partaide berri batek (taldekide baten laguna, ezaguna…) taldera sartu nahi badu, guri jakinarazi behar digu.
9. Talde batean baino gehiagotan parte hartzeko gurekin adostu behar duzu.
10. Programaren inguruko informazioa etxera edo posta elektronikora iristen ez bazaizu, guri esan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun