Zerez eta zelan egin zituzten jakin, zelan konpondu erabakitzeko

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 11a, 09:54

Begoña Puntako Galeriak zerez eraiki zituzten badakite daborduko; hori da zelan konpondu erabakitzeko lehenengo egitekoa.

Begoñako Galeriak eraikitzeko erabili zituzten materialak identifikatu dituzte EHUko ikertzaileek. Urteak joan, urteak etorri, material horiek zerk kaltetu dituen ere ondorioztatu dute; hau da, galerietako materialak zelan hondatu diren eta zerk degradatu dituen.

Adituen esanetan, hori lehenengo pauso bat da, «oso-oso garrantzitsua»; izan ere, horiek kontuan hartuta erabakiko delako gero zein material erabili galeriak zaharberritzeko, eta «ea komeni den egungo osagaiei eustea».

EHUren ikerketaren arabera, "sabai eta fatxadetan erabilitako materialei dagokienez, ikusi da kaltzita eta igeltsua erabili zirela sistematikoki hormetako morteroen jatorrizko osagai gisa. Bestalde, alita eta belita ere identifikatu dira, hots, bere garaian erabili zen zementuaren clinker osagai nagusiaren bi konposatu. Goi galeriako sabaietako morteroetan, berriz, kaltzita, kuartzoa, aragonitoa eta igeltsua identifikatu dira. Aragonitoa koralen oskol eta eskeletoen osagai nagusia da; beraz, berrets daiteke hondartzako area erabili zela mortero horien agregatu gisa".

Bestalde, beheko galeriako sabaiak hiru mortero geruza ditu: "gaur egun, kanpoaldean dagoena zarakar beltz batek estaltzen du; zarakar hori kaltzitak atmosferako sufre dioxidoak kaltzitari erasanda sortu da. Horrek igeltsuzko mikroegitura bat sortu du, inguruneko ikatz partikulak eta metalak pila ditzakeena".

Horrez gainera, galerietako materialen hondatze-arazoei dagokienez, horma eta sabaiei eragiten dieten beste hiru prozesu ere antzeman dituzte EHUko ikertzaileek: "Alde batetik, behe galeriako sabaiko igeltsuaren hidratazio/deshidratazio prozesuak arrakalak sortzen ditu, bolumena aldatzen delako forma hidratatutik deshidratatura eta alderantziz igarotzen denean. Bestalde, galerietako jatorrizko konposatu batzuen eta inguruneko eragile kimikoen arteko erreakzio kimikoak efloreszentziak agerrarazi ditu morteroetan eta fatxadetan; horren ondorioz, material berriak eratu dira, jatorrizkoenak ez bestelako konposizio eta ezaugarriak dituztenak. Azkenik, fatxadetako adreiluei kalte egiten dien beste prozesu bat identifikatu da: Abra badiatik datozen aerosol azidoek erreakzioa eragiten dute adreiluetan, eta, horren eraginez, adreilua pixkanaka desagertuz eta hutsunea agerian utziz joaten da".

Bisita gidatuak

Akorduan izan urrian ere galeriak bisita daitezkeela. Hil honetarako 30 bisita prestatu dituzte, hilaren 13tik 30era bitartean eskainiko dituztenak. Bisita-egunak martitzenetik domekara izango dira, eta aukeran daude ordutegi bi:12:30ean eta 18:30ean. 10 urtetik gorakoei begirako doako bisita horiek euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke, baina aurretik izena eman beharra dago.

Gogorarazi dutenez, astelehenetan ez dute bisitarik eskaintzen, eta hilaren 18an ere ez dute eskainiko. Euskarazko bisiten egunak, momentuz, honako hauek dira: urriak 16, 18, 27 eta 28.


Izena emateko edo lekua gordetzeko bideak: 944 910 800 telefono zenbakira deituz; Getxoko turismo bulegoan bertan, edo www.getxo.eus udalaren webgunearen bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun