Sarietarako aurrekontua, denera, 22.000 eurokoa da; halere, proiektu batek jaso dezakeen gehienezko laguntza 10.000 eurokoa izango da. Diruaz gainera, irabazleei beste era bateko laguntza ere eskainiko zaie, hala nola aholkularitza profesionala, orientazioa, formakuntza, eta abar.
Proiektu-motak eta epeak
Lehiaketaren zortzigarren aldi honetan, denak, edo ia denak, balio du. Hau da, orotariko proiektuak, berriak izan ala ez, baldin eta Getxo udalerriaren gizarte, ekonomia edo kultura aberasten badute: antzezlan txikiak, performanceak, filma laburrak egitea, erakusketak, enpresa-proiektuak, edozelako lehiaketak antolatzea, udalerrirako interesgarriak izan daitezkeen webguneak, blogak, eta abar egitea, aisialdi-jarduerak, hala nola ikastaroak eta tailerrak, gizarte arazoetan sentiberatzeko proiektuak, euskararen erabilera sustatzeko proiektuak eta berbaldiak bezalako dibulgaziozko proiektuak, besteak beste.
Prozedura oso erraza da. Urriaren 10etik 28ra bitartean proiektuaren zirriborro bat aurkeztu behar da, deialdiarekin batera onetsi den gidoiari jarraituz. Horren ondoren, talde sustatzaile denak lan saio batera gonbidatuko dituzte proiektuei buruz hausnartu eta, behar izanez gero, proiektuok berriro egin eta hobetzeko.
Iaz bezala, aurten ere sustatzaileei proiektuak lantzen laguntzeko lantegi bi eskainiko zaizkie. Aurretik izena eman behar izango da. Tailer bien datak oraindino zehaztu barik daude.
Zurrumurruen kontrako laguntza osagarria
Aurten, Wanted lehiaketaren barruan, 600 euroko laguntza osagarria eskainiko dute Zurrumurruen kontrako Estrategiak sustatzen dituen saritutako proiektu batentzat, dibertsitate eta bizikidetzaren baloreak plazaratuz. Zurrumurruen kontrako kanpaina saritutako proiektuaren zerbitzura jarriko da aholkularitza emateko. Halaber, beharrezkoa balitz, estrategiaren sareagaz kontaktuan ipiniko da. Zurrumurruen kontrako estrategiaren hastapen, ekintza eta informazio dena, hemen: Getxo.eus/antirumores
Deialdiaren oinarriak, gidoia eta gainontzeko eranskinak eskuragai daude edozein Herritarren Arretarako Bulegotan, Getxolanen bulegoan, Gazte Informazio Bulegoan (bertan informazio osagarria emango da) edo Getxo.eus/gazteria web orrian. Argibide gehiagorako, interesdunek zuzenean Gazte Bulegora jo dezakete Algortako Tangora etxera, edo eurekaz harremanetan ipini 944 660 353 telefonoan edo gazteria@getxo.eus posta elektronikoan.