Eraikinak 5.484 metro koadro ditu eta Getxoko Udalak zabaldutakoaren arabera, "nagusi dira bere espazioen arrazionaltasuna, funtzionaltasuna, zirkulazioetan optimizazioa, bolumen argiak, malgutasuna, eta abar"; hala, ezaugarri horiek "programa ordenatu bat" antolatzen lagunduko duelakoan daude. "Mugarri batera heldu gara Romoko Kultur Etxea eraikitzeko proiektuaren 2B fasea amaitzean, sormena nahiz kultura garatzeko balioko digun eta biztanleek zein elkarteen sareak eskatutako zerbitzuei erantzun bat emango dien espazio zoragarri batera hurbildu baikaitu, etorkizun hurbilean izango dugunera, hain zuzen. Bere espazioen polibalentzia nabari daiteke dagoeneko, baita etorkizuneko eskaeretara egokitzeko nahiz beti aurreratuta egoteko gaitasunak ere”, adierazi du Joseba Arregi Hirigintza Arloko zinegotziak.
8,37 milioi-euroko inbertsioa
Fase hori amaitzeagaz batera, Romo Kultur Etxearen eraikuntzan egindako inbertsio orokorra 8.373.787 milioi eurokoa izan da, BEZ barne, hots, 1.262 euro eraikitako metro karratu bakoitzeko, BEZ kendu eta gero; "zenbateko hori ezaugarri horietako eraikinak eraikitzeko batez bestean erabiltzen dena baino txikiagoa da", udal iturrien arabera.
Etapa berri bat
Ekipamendu berriak ekipamenduaren etapari helduko dio orain. Bere garapenak Itzubaltzeta/Romoko kultur etxeak izango dituen askotariko espazioak altzarien, informatikako eta abarren hornidura hartuko du barne, baita izango dituen zerbitzuen administrazio-kudeaketaren alta ere.
Gaur egun, lizitazio publikoan daude beharrezkoak diren ekipo batzuk eskuratzeko kontratuak. Era berean, hainbat zerbitzu (ura, argia, klimatizazioa, igogailuak...) abian jartzeko ezinbestekoak diren administrazio-izapideak hasi dira, dagozkien lizentziak egin ostean; izapide horiek beharrezkoak dira RKEk funtziona dezan.
Getxoko Udaletik azpimarratutakoaren arabera, "baliabideak arrazionalizatze aldera eta baliabide ekonomiko eta pertsonalen kudeaketan eraginkortasun handiagoa nahiz sinergiak emateko, ekipamenduak askotariko zerbitzu eta aisialdi-, kultura-, hezkuntza- eta gizarte-erabilerak bateratuko ditu; horiek guztiak Getxoko familien, elkarteen eta erakundeen zeregin kultural eta sozialari lotutakoak". Iturri berberen ustez, "250.000 pertsona inguruk erabiliko dituzte instalazioak urtero".