Euskal espedizio-lasterketa irtengo da eguenean Ereagatik

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 10a, 16:58

© GETXOKO UDALA

Basque Expedition Race edo Euskal Espedizio-lasterketa abentura-lasterketa Algortako Ereaga hondartzatik irtengo da eguenean, hilaren 13an, goizeko 08:00etan. Leku berean amaituko da barikuan; halere azken sailkatuak zapatuan heltzea espero da.

Hiru egunetan, Bizkaiko 32 udalerritatik igaroko da ibilbidea; lasterketan, besteak beste, honako herrialde hauetako 31 taldek hartuko dute parte: Euskal Herria, Galizia, Herrialde Katalanak, Danimarka, Suedia, Finlandia, Erresuma Batua, Frantzia eta Andaluzia, besteak beste.

NonStop Aventura enpresa antolatzailearen arabera, "kirol-modalitate hau erakargarria da ondorengo kirolak konbinatzen direlako: trekking, mendiko bizikleta, kayak, trokak jaistea, paddle-surfa, espeleologia, eskalada eta orientazioa. Azken hori da lehiaketako diziplina garrantzitsuena, taldeek mapa eta iparrorratza erabiliz egin beharko baitute ibilbidea. Gainera, ibilbidea hasiera batean ezkutukoa izango da, eta proba hasi baino minutu batzuk lehenago banatuko zaizkie taldeei lasterketaren mapak". Era horretako lehiaketetan ezartzen den moduan, jardunaldietan zehar kontrol-puntuak ezarriko dira, eta horietatik gehien igarotzen den taldeak irabaziko du. Lehiaketaren denbora gehienez 72 ordukoa izango da antolatzaileen arabera; beraz, proba Getxon amaituko da bariku eta zapatu bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun