Getxoko Udalak 391.737 euro banatuko ditu lankidetza-proiektuetarako

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 12a, 12:13

Artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA.

Txirotutako hainbat herritan lankidetza-proiektuak garatzeko 391.737 euro banatuko ditu Getxoko Udalak, iaz baino 83.000 euro gehiago. Diru-kopuru hori 20 proiekturen artean banatuko da, iaz baino 5 gehiago.

Lankidetzako proiektu horiei esker 47.700 pertsonak horien gaitasunak handituko dituzte, hezkuntza, emakumeen jabekuntza, tokiko garapen, ura eta osasun arloetan sustatuta.

"Era honetan txirotutako herrietako pertsonekiko elkartasun konpromisoa sustatzen segitzen dugu, eta baita udalerrian sentsibilizazio jarduerekiko eta egoera zailean bizi diren haurrak hartzeko familia getxoztarrei laguntzeko ere, beti Garapen Iraunkorreko Helburuek ezarritakoa lortze aldera. Zeregin horretan GKEen, entitateen, elizen eta auzokideen laguntza eta lan desinteresatua izaten ditugu", nabarmendu du Irantzu Uriarte Garapeneko Lankidetzako zinegotziak.

Garapeneko Lankidetza

Udalak aurten 319.500 euro zuzenduko ditu garapeneko lankidetzako atalera.

Heziketa alorrean, San Martin de Tourseko Misioetako Taldeak 46.000 euro jasoko ditu Kongoko Errepublika Demokratikoko Kansenyan eskolaratze proiektu bat aurrera eramateko; Sunu Buga Buga izenekoak 29.000 euro hartuko ditu heziketa zentro baterako Ganbian, eta Perualdek 24.950 euro Peruko heziketa zentro baterako.

Osasuna hobetzea helburu duten proiektuei dagokienez, Medicus Mundi taldeak 29.000 euro eskuratuko ditu Guatemalako hainbat komunitate indigenentzako ingurugiroko eta osasuneko baldintzak hobetzeko; Zabalketak beste 29.000 euro oinarrizko osasun eta saneamendu proiektu baterako Nigerian; Mugarik Gabe elkarteak 28.950 euro osasun sexual eta ugalketa artatzea hobetzeko Nikaraguan; Ayuda Mas entitateak beste 24.600 euro arrisku egoeran dauden umeen bizi-baldintzak hobetzeko Perun; Taldeka Lagunduz entitateak 12.000 euro Indiako daliten osasuna eta higienea sustatzeko, eta Itzubaltzeta/Romoko Eccak 9.000 euro buru osasuneko zentro baterako Kongoko Errepublika Demokratikoan.

Gainera, Educok, Lagun Artean elkarteak eta Vicente Ferrer Fundazioak 29.000 euro bana jasoko dituzte, lehenak Salbadorreko nekazari-kooperatibetako emakumeen jabekuntzarako, bigarrenak nekazaritzaren bitartez arbasoen balioak berreskuratzeko Guatemalan, eta hirugarrenak Indiako Anantapurreko 24 familiaren egoera sozio-ekonomikoa hobetzeko. 

Sentsibilizazioa

Sentsibilizazio atalean, Udalak 59.037 euro banatuko ditu hurrengo lau proiekturen artean. Zabalketak 19.000 euro eskuratuko ditu SolidariaUP proiektuaren bigarren faserako;  KCDek 17.000 euro gizarte-zinema sustatzeko; Educok 13.000 euro Hezkuntzaren aldeko mundu mailako kanpaina baterako, eta Unesco Etxeak 10.037 euro "Eman minutu bat Giza Eskubideen alde" izeneko programa aurrera eramaten jarraitzeko, oraingoan Babes eskubidearen inguruan.

Giza ekintza

Giza ekintzako jardueran, Bikartek 800 euro jasoko ditu eta Ukrania Gazteak 400 euro, udan adin gabekoen harrera programak aurrera eraman ditzaten.     

Larrialdiko laguntzak

Azkenik, Larrialdiko laguntzen atalean, aurten 6.000 euroko bi eman dira. Bata Unicefentzat izan da, Jordaniako siriar errefuxiatuen kanpamentuetarako, eta bestea Ayuda Mas elkartearentzat, Ekuadorren pasa den apirilean izandako lurrikarak eragindako beharrei aurre egiten laguntzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun