Getxoko Udal Gobernuak 2016-2019 Legegintzaldirako Plana aurkeztu du

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 12a, 13:42

Legegintzaldi Planaren aurkezpena. © GETXOKO UDALA

Getxoko Gobernu Taldeak 2016-2019 Legegintzaldirako Plana aurkeztu du. Hori, kudeaketarako tresna da, eta helburu nagusia da "sozialki kohesionatuta" egongo den udalerria lortzea, arduradunek azaldu dutenez. Plana udal-talde politiko guztiei aurkeztu zaie, proposamen gisa; testua zeharkako 9 ardatzek eta 8 helburu estrategikok osatzen dute. Oinarrizko dokumentuan zehaztutako 130etik gora ekintzetatik 49 "egitate enblematiko" lehenetsi dituzte. Azken horiek, "auzokideentzako giltzarri dira" Gobernu Taldearen ustez, "zerbitzuen ematean eta Udalaren antolakuntzan izan dezaketen eragina dela-eta".

Imanol Landa alkateak adierazi duenez, "Legegintzaldiko plan berri honek, funtsean, EAJ eta PSE-EE alderdiek sinatutako gobernuaren akordio programatikoa du oinarri eta, horrenbestez, bakoitzaren hauteskunde-programetan oinarritzen da. Logikoa denez, programa horiek betetzen ditugu, legegintzaldiaren lehen urte honetan Algortako oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren antolamenduan zein aurrekontuaren alorrean, bai EH Bildurekin bai PPrekin sinatutako akordioetatik sortutako ekarpenak gorabehera. Hau da, udal-kudeaketaren sustapen eta orientaziorako oinarrizko tresna gisa, gure udalerriko askotariko eragile politiko eta sozialekin elkarrizketak nahiz akordioak egitearen aldeko udal-gobernu honen apustua argi adierazten duen plan estrategiko bati buruz ari gara".

Alkate getxoztarrak azpimarratu du, modu berean, "helburu eta egintza zehatzak eta errealistak dituen plana da; baliabide publikoen kudeaketan zorroztasuna nahiz seriotasuna bermatzen ditu eta gure udalerriaren beharretara zein errealitate sozialari egokituta dago. Halaber, bereziki nabarmentzen ditu gizarte-politikak, kalitatezko oinarrizko zerbitzuei eustea, ekonomia sustatzea, euskara, kultura, kirola eta ariketa fisiko osasungarriaren aldeko apustua, baita, garrantzitsua den aldetik, herritarrekin komunikazio, gardentasun eta parte hartzeko politiketan aurrera egitea ere".

José Luis Landa PSE-EEko zinegotziak nabarmendu duenez, "udal kudeaketari dagokionez ikuspuntu desberdinak dituzten bi taldeen artean elkarguneak lortzeko borondatearen isla da plan hau. Konpromiso garrantzitsuak jaso eta nabarmentzen dituen dokumentu on bat da; horietako batzuek bi alderdi hauen arteko aurreko akordioei dagozkie (esaterako, Etxebizitza Plana) eta gizarte politiketan, herritarren parte hartzean eta udalerri iraunkorra izatean aurrera egiten du".

Gizarte kohesionatuago baterantz joatea

Beltzez eta kurtsibaz dauden beheko puntuak Imanol Landa Getxoko alkateak azpimarratutakoak dira:

  • Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa garatzea (abenduaren 5eko 12/2008 Legea), esleitutako udal eskumenetik. 
  • "Pertsona Nagusiekiko Hiri Adiskidetsuak" zahartze aktiboko proiektuarekin bat egitea.
  • Udal Egoitzari buruzko hausnarketa estrategikoari ekitea.
  • Algortako elkarteetarako lokalen beharrari buruzko gogoeta eta erabakiak hartzea.
  • Etxebizitza alokatzeko udal politika ezartzea (sustapenekoak eta hutsik daudenak), batez ere gazteentzat. Etxebizitza hutsaren azterlana egitea, merkatuan sartzea ahalbidetzen duten ekintzak egiteko, batez ere alokairuaren merkatuan.
  • Babestutako etxebizitza berrien sustapena eta eraikuntza erraztu eta bultzatzea (Ormatza, "Venancioren bidegurutzea", Sarrikobaso, Konporte eta Iturribarri inguruetan).
  • Urbanizazioa (Domingo iturrate-Urduñako Mendatea) babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.
  • Hiri esparru berri bat sortzea "Venancioren bidegurutzea"-ren ingurua urbanizatuz eta babes ofizialeko etxebizitzak eraikita.
  • Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria egitea, Getxoko herritarrek etorkizunean izan ditzaketen etxebizitza- eta lan-beharrei erantzuteko; plan berriak iraunkortasuna aintzat hartuko du kudeaketa diseinatzeko eta bultzatzeko.
  • Instalazio berri eta modernoak Nagusien Etxean, Romo Kultur Etxean.
  • % 0,7 lortzeko bidean aurrera egiteko konpromisoa, herrialde txiroenakaz dauden garapenerako lankidetza programetara bideratutako aurrekontu esleipen modura.

Getxo jarduera ekonomikoa egiteko aukerak eskaintzen dituen herria izan dadin aurrerapausoak ematea

  • Getxo udalerriko esparru ekonomiko estrategikoak dinamizatu eta garatzeko bultzada ematea.
  • Enpresei zuzendutako zerbitzuak indartzea (enpresa mintegi berria Benturillenan, Getxo Elkartegia...).
  • Inguru misto bat sustatzea, jarduera ekonomikoak eta egoitza jarduna uztartuz, Martiturri-Zubilletan.
  • Turismoa finkatu eta modu iraunkorrean garatzea, besteak beste horrelako estrategien bitartez: gure turismo baliabide nagusien balioa agerraraztea, produktu berriak sustatzea, sektoreko eragileakaz elkarlanean aritzea, eta abar.
  • Bilboko Portu Autonomoagaz elkarlanean eta lankidetzan aritzea, itsas bidaien geltoki berria martxan jarri eta horretatik eratorritako aukerak abiarazteko.

Getxo gozatu

  • Fadurako instalazioak egokitzea "Habitat" proiektuagaz jarraitzeko (ohitura osasungarriak ezarri eta garatzea): Fadurako Kirol Parke Publikoa irekitzea.
  • Kulturako Plan Estrategikoa ebaluatzea eta garatzea Andrés Isasi Udal Musika Eskolagaz eta Getxoko Kultur Etxeagaz elkarlanean.
  • Haur eta gazteei zuzendutako udal politikak bultzatzea (Bebeteka, haurren liburutegia eta Gaztelekua Romo kultur etxean, Gaztelonjak programa, sustapen, aisialdi hezitzaile eta informazio programak, eta abar).
  • URA proiektua Gobela ibaia ingurumenari dagokionez berreskuratzeko eta hidraulikoki egokitzeko, III. fasea, Errekagane, IV. fasea, Fadura, eta hurrengo jarduketak.
  • Algortako Getxo Antzokia-Musika Eskola gunea kudeatzeko obren amaiera.
  • Romo kultur etxean aurreikusitako zerbitzuak kudeatzea.
  • Begoñako galeriak berreskuratzeko eta haien balioa nabarmentzeko proposamena.
  • Errekaganeko udal ekipamendua gizarteratzea eta abian jartzea.  
  • Areetako Xake plaza parte-hartze klabean berriztatzeko eta birgaitzeko proiektuaren definizioan aurrera egitea.

Emakume eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatzea

  • Berdintasunerako IV. Plana egin eta garatzea.

Gobernantza: gardentasuna, parte-hartzea eta Open Data

  • Gobernu Irekiko politikak bultzatzea (Gardentasuna, parte-hartzea eta Open Data).
  • Portu Zaharreko auzotarrakaz batera egindako lanean aurrera egiten jarraitzea espazio adierazgarri hori hobetzeko eta jarduteko hirigintzako irizpideak ezartzeko.
  • Udal organigrama berria prestatzea, bertako lanpostuen zerrenda egokitzeko eta kudeatzeko beharrizan berriei erantzuna emateko.
  • Lanpostuen balorazioa.
  • Koordinazio teknikoko foro berriak sortzea eta bultzatzea (antolaketa batzorde teknikoa…).
  • Modernizazio teknologikoko plana egin eta ezartzea.
  • Barne komunikazioa, gardentasuna eta partaidetza hobetzea.
  • Martikoena kalean kokatutako udal brigadak berrantolatzea.
  • Kudeaketa aurreratuko eredua zabaltzea (Aurrerabide).
  • Langileen barne promozio bertikala eta horizontala erraztea.

Getxo iraunkorrerantz aurrerapausoak ematea

  • Hondartzen mantentze-lanetan aurrera egitea, ondare natural gisa, besteak beste, garbiketa arloan, ingurumen ziurtagirien arloan… mota desberdinetako beharrizanei erantzuna emanez.
  • Hiri-hondakinen murrizketa, berrerabilera eta birziklapena sustatzea.
  • Hiri-hondakin solidoen bilketa, garbiketa eta lorezaintza hobetzea herritarren iritziagaz, honako hauek ezarriz: adierazleen sistema bat eta Ingurumeneko Foroari lortutako jarraipen talde bat. 
  • Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (HMIP) lantzea, modu parte hartzailean, jarduteko esparruei ekinez, berbarako zirkulazioa eta aparkalekuak, bizikletaz ibiltzeko sarea eta oinezkoen mugikortasuna.
  • Etxebizitzen eraikinak modu iraunkorrean birgaitzeko Udal Plana prestatzea (EATen araudiak kudeatzea, Irisgarritasuna eta Eraginkortasuna).
  • Irisgarritasuneko, trafikoko eta aparkatzeko ekimenak Algortan:

- Algortako Manuel Gainza parkearen azpian lurpeko txandakako eta egoiliarrentzako aparkalekua.

- Algortako etorbidea eraldatzea Telletxetik Mariandresenaraino. 

- Alangoko udal-etxebizitzetan egoiliarrentzako aparkalekua erabiltzen hastea. 

- Euskal Herria kalea eraldatzea Mariandresena eta Amezti bitartean.

- Sarbide mekaniko berriak egitea (Areneondo–Arene igogailuakaz jarraitzea) eta Portu Zaharrerako igogailu berriaren proiektua.

  • Hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiagaz, Makaleta etorbidea urbanizatzeko Salsiduko biribilgunetik Fadurako biribilgunera, une honetako foru errepidea inguruko bizilagunentzako kale atseginago, seguruago eta lasaiago bihurtuz.
  • Elkarlana Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz (BGP), Ibarbengoako metro geltoki berria eta aldirietako aparkalekua irekitzeko.

Euskararen erabilera normalizatzeko aurrerapausoak ematea eta euskal kultura bultzatzea

  • Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) ebaluatzea eta garatzea, gizarte eragileakaz eta elkarteen sareagaz (euskalgintza) elkarlanean eta koordinazioan.
  • Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) garatzea udal administrazioaren barne esparruari dagokionez.

Herria mantentzeko oinarrizko zerbitzuak eta herritarrentzako segurtasun-maila egokia bermatzea

  • Herritarren segurtasunean sakontzea, bide hauen bitartez:

            - Herritarrengandik gertuago dagoen polizia-zerbitzua.

            - Udal Larrialdi Plana garatzea

  • Ur eta argiztapen-zerbitzuen iraunkortasuna eta elementu mekanikoen mantentze-lana.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun