Biak ala biak Zurrumurruen aurkako Estrategiaren barruko ekimenak dira, eta Antzerki Jardunaldien barruan antolatuko dituzte; joan den eguaztenean egindako inprobisazio tailerra legez. Antzezpen-lehiaketak dira, eta horietan lau pertsonak osatutako taldeek inprobisatu beharko dute zurrumurruen aurkako borrokagaz lotutako gaien inguruan.
Lehiakide guztiek sari bana jasoko dute parte hartzeagatik; talde irabazleak, perkusio-tailer batean parte hartzeko aukera ere bai (Utopianeko profesionalen ekimenez). Hala, ekimen horiekaz zein antolatutako beste antzezpen batzuekaz, Antzerki Jardunaldiek bat egingo dute, berriro ere, Getxoko Udalak sustatutako Zurrumurrurik Ez Estrategiak bultzatzen dituen balioakaz: kultur artekotasuneko udalerriaren aldekoakaz, eta immigrazioari eta kultur aniztasunaren inguruko estereotipo negatibo eta aurreiritzirik gabekoakaz.
Udal langileentzako prestakuntza
Getxon administrazio publikoan dabiltzan langileentzako prestakuntza antolatu du Udalak, zurrumurruen aurka; hiru saio izango dira, azaroan, Getxo Elkartegian. Saioak azaroaren 7an, 14an eta 21ean izango dira, 09:00etatik 13:00etara, eta ‘kultura’, ‘nortasuna’ zein ‘aniztasuna’ kontzeptuak eta estereotipoak sortzeko prozesua aztertuko dituzte; horiei aurre egiteko tresnak eskaini eta landuko dituzte. Eguneroko lanean askotarikotasuna jorratzeko erabiltzen diren praktika desegokiak antzematen lagunduko dute.