Lehiaketa 08:30ean hasiko da kategoria olinpikoagaz; bertan, 1.500 metro bete beharko dituzte igeriketan, 39 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika, oinez. 10:00etan emango zaio hasiera esprint kategoriari, eta bete beharreko distantziak hauek izango dira: 750 metro igeriketan, 19,4 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Handik gutxira, 10:15ean, berriz, irteera emango zaio super esprint kategoriari, eta hemen 350 metro igeriketan, 9,7 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika bete behar izango dituzte.
Kategoria denetan, igeriketako zirkuitua Ereagako hondartzan kokatuko da; txirrindularitza-proba, aldiz, Arriluze eta Erandio arteko zirkuituan; eta, azkenik, oinezko lasterketa kirol portuko sarreraren eta Txurruka kaiaren artean.
Getxoko lehiaketagaz amaiera emango zaio Santander Triatlon Series zirkuituari. Denboraldian zehar, antzeko probak antolatu dira honako leku hauetan: Valentzia, Madril, Castelló, Tarragona, Mallorka, Sevilla, Gavá, Malaga eta Gijón.
Trafikoan eragina izango du
Lasterketa dela eta, domeka honetan, 7:00etatik 12:30era bitartean, ibilgailuek ezin izango dute sartu Ereagako hondartzara Arriluzetik, eta errei bi jarriko dira Ereagako Jaitsiera kalean. Gainera, Zugatzarte etorbidean soilik erabili ahal izango da Algortaranzko erreia, lehiaketa-gunetik atera ahal izateko Avanzadako errepidetik barrena. Hori guztia dela eta, goiz horretan Ereagara hurbildu nahi dutenei, garraio publikoa erabiltzea gomendatu die Getxoko Udalak.