EH Bildu eta GUK taldeek UAO berritzeko lan-taldean parte hartzeari utzi diote

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 20a, 16:30

Gaur goizean egin dute prentsaurrekoa.

EH Bildu eta GUK Getxo taldeek Udal Araudi Organikoa (UAO) berrizteko sortu zen lan-taldean parte hartzeari uztea erabaki dute. Hala jakinarazi dute indar politiko biek gaur goizean emandako prentsaurrekoan.

EH Bilduk azaldu duenez aurreko legegintzaldian izandako esperientzia negatiboa izan arren, oraingoan berriz ere saiatzea erabaki zuten. Lan taldean urte oso batez parte-hartu ostean bilera horietatik ateratako ondorioa argia da: EAJk ez du sekula adostasunik bilatu herritarren parte-hartze erreala ahalbidetzeko: "EAJk bere UAO eredu propioa defendatzeko eskubidea dauka, baina guk ere badugu proiektu horri zuzenketak egiteko eskubidea". Koalizio abertzalearen arabera, EAJren parte-hartze eredua auzokideei benetako parte-hartzea eragoztea du oinarri. Auzokideek hala, ez lukete udal kontuetan modu eraginkorrean jarduteko tresnarik. Bere ustez, "EAJk eta PPk jada badute isilpeko akordio bat gai honen inguruan, eta horri Ciudadanos, eta eskuak lotuta dituen PSE-EE batu zaizkio".

Bere aldetik, GUKek UAO lan-taldean proposamenak barneratzeko dauden zailtasunak azaleratu ditu; horrez gainera, uste dute jarrera hertsi horren ondorio zuzena dela herritarren partaidetza errealari ateak ixtea. GUKen arabera, lehenengo egunetik eskatu izan zaie talde politikoei diskrezioa, eta baldintza hori ez dator bat beharrezkoa den gardentasunagaz: "agerian geratu da lan talde honen funtzionamenduak ez duela adostasuna ahalbidetzen, eta ez datorrela bat parte-hartzeari buruz daukagun ideiarekin". 

GUKen arabera, Getxoko auzokideen parte-hartze erreala gauzatzera begira aurkeztu diren proposamen guztiak baztertuak izan dira: aktak ezagutzera ematea, Udaletxetik kanpoko kolektiboen parte-hartzea onartzea, zirriborroaren prozesua eta auzokideekin egindako jardunaldi eta eztabaidak aldi berean ematea, batzordeen deialdietan jendeak egindako gaiak barneratzea...

Talde politiko biek nabarmendu dute lanak hasi zirenetik adostasunari bide emateko borondatea izan dutela, baina denbora joan ahala egiaztatu dutela hori ez zela EAJren asmoa eta bere partaidetza eredua PPren ereduarengandik oso gertu dagoela. Horregatik "zirku" horretan parte-hartzeari uztea erabaki dute. Izan ere, azaldu dutenez, haien helburua da Getxoko auzokideek etorkizunean udal jardunean modu eraginkorrean parte-hartzeko aukera izatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun