Udalak sarirako hautagaiak proposatzera animatzen ditu euskalgintzako elkarteak, euskaltegiak, ikastetxeak edo banakoak. "Hautagaiak banakoak, taldeak, elkarteak edo kolektiboak izan daitezke, beti ere getxotarrak edo bizitzaz zein jardunbidez Getxon finkatutakoak badira", udal iturriek azpimarratu dutenez. Saria emateko, kontuan hartuko dira proposatutako "lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia, euskararen normalizazioan egindako ekarpena eta orain arteko ibilbidea". Epaimahaia Imanol Landa alkate getxoztarrak, Koldo Iturbe Euskara zinegotziak eta Getxoko Aholku Batzordeko kideek ostuko dute.
Aurreko sariak
Lehen edizioaren irabazlea Laura Lapeyra izan zen. Saridunak Algortako Juan Bautista Zabala ikastetxeko gurasoen elkartean euskararen erabileraren alde azken hamarkadan egindako lanagatik jaso zuen saria. Bigarrena, Bittor Egurrolarentzat izan zen, bizitza osoa hizkuntza sustatzera dedikatzeagatik; hirugarrena, Algortako San Nikolas ikastolarentzat, euskarazko heziketan 50 urtetan burututako lanagatik; laugarrena, Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzaren alde egindako lanagatik; bosgarrena, Neguriko Gobela ikastolarentzat, bere 50. urteurrenean; eta seigarrena, Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat, euskararen alde egindako lana, eta bereziki duela 19 urte udalerrian martxan jarritako Berbalagun egitasmoa aitortzeko.